Aurrenekoz, idi demak izango dira Aratz Errekan

Urola Kostako Hitza eta uztarria.com 2008ko mai. 16a, 12:05
Goiko argazkian, auzotarrak pilota partidak ikusten. Erdikoan, Ilunpe elkarteko pilotarien partida. Behekoan, Aratz Errekako bizilagunak, elizatik ateratzen.

Azpeitiko Aratz Erreka auzoan atzo (maiatzak 15, osteguna) San Isidro eguna ospatu zuten

Bihar, larunbata, idien arteko norgehiagoka izango da, 17:00etan Beheko plazan prestatuko duten proba-lekuan.

Azpeitiko Aratz Eureka auzoan San Isidro Eguna ospatu zuten atzo (maiatzak 15, osteguna). Auzoa txikia izanagatik, jendetza elkartu zen, jai giro ederrean. Santuaren omenezko meza egin zuten goizean; Azpeitiko parrokiako abesbatzak parte hartu zuen ospakizunean. Jarraian, herri-kirolak, erromeriak, lagunarteko otorduak eta makina bat jarduerez gozatu zuten Aratz Errekekako jaietara gerturatu zirenek.

Auzoko taberna leporaino bete zen bazkalorduan. Aurretik, ordea, bizilagunek Ilunpe elkarteko pilotarien partida izan zuten ikusgai frontoian. Saioa eta Alabier trikitilariak goizez eta arratsaldez aritu ziren, hauspoa eta panderoa astinduz. Iluntzean, urtero bezalaxe, mami jana egin zuten tabernan bertan.

Aurrenekoz, idi demak

Aratz Errekako Festa Batzordekoek aurten San Isidro jaietan idi demak antolatu dituzte, aurreneko aldiz. Inoiz ez da idi probarik egin auzoan, baina aurten batek proposatu Batzordekoei eta "egun batetik bestera" kirol ekitaldia jaietako egitarauan sartzea pentsatu zuten; hala azaldu dute: "Auzoko baten mutilaren familia Zumarragakoa da eta asko ibiltzen da idi demetan. Mutil horrek proposatu zuen idi dema antolatzea, eta guk esan eta egin".

Bihar izango da idi proba, 17:00etan hasita. Paulo Aranberriren idi parea Xanti Urkiola eta Iker Etxeberria itzai direla ariko da, Igeldo-ren idi parearen kontra; "Igeldo-ren idiekin etxekoak ariko dira itzai".

Proba-lekua Beheko plazan

Idi dema antolatzeari ekin zioten Aratz Errekakoek, baina auzoan ez dago proba-lekurik. Horretarako, Beheko plaza prestatu behar izan dute; lurra markatuta daukate. "Idizaleak egun batean etorri ziren hona, eta lekua probatzen eta prestatzen jardun zuten", diote Festa Batzordekoek.

Aurtengo sanisidrotan berria izango da idi dema, baina lehen er beste proba batzuk egiten zirela diote auzotarrek: "Asto lasterketak izaten ziren orduan".

Asto lasterketak

Asto lasterketak egiten zituzten, beraz, Aratz Errekan sanisidrotan: "Bide zaharretik joan -erreka ondotik dihoan horretatik- eta berritik etortzen ziren auzora. Giro ederra sortzen zen, eta barre ederrak egiten genituen; izan ere, esan ohi da maiatza asto hila dela", azaltzen dute. Auzoko astoen artean izaten zen norgehiagoka: "Sei-zazpi astok parte hartu ohi zuten, eta izugarrizko jaia izaten zen". Asto bat aski ezaguna egin omen zen Aratz Errekako asto lasterketan: "Basandegiko astoa esaten zioten hari; behin baino gehiagotan parte hartu zuen lasterketan, eta ikasita zuen ibilbidea". Orain dela urte asko antolatzen zuten asto lasterketa, "baina behin baino gehiagotan egin zen", diote. Orain asto lasterketa "loiolatarrei utzita" daukatela diote Aratz Errekakoek.