Miserikordiko Karidadeko lekaimeek Azpeitia utziko dute irailaren hasieran

Urola Kostako Hitza 2008ko mai. 15a, 11:05
Goiko argazkian, Karidadeko lekaimeen aspaldiko argazki bat. Behekoan, Iraurgiko ikasleak San Martin egoitzara egindako bisita batean.

Lekaimeek ez dute argitu nahi izan zergatik utziko duten herria

Beraiek hartutako erabakia dela diote

Miserikordiako Karidadeko lekaimeek Azpeitia utziko dute irailaren hasieran. Gaur egun bederatzi lekaime daude San Martin egoitzan bizitzen; haietako batzuk egoitzan egiten dute lan eta beste batzuk, berriz, Iraurgi ikastetxean.

Karidadeko lekaime Lucia Garmendiak Urola Kostako Hitza-ri baieztatu dionez, irailean joango dira Azpeititik eta beraiek hartutako erabaki baten ondorioa da. Hala ere, ez du gehiago zehaztu nahi izan, eta erabakia zergatik hartu duten azaltzerik ere ez du esan nahi izan: "Azpeitian fase bat egin dugu eta orain beste berri bati ekingo diogu".

Karidadeko lekaimeek 139 urte daramatzate Azpeitian. 1869ko irailaren 13an, Madrildik bost lekaime etorri ziren San Martingo ospitaleko erruki-etxera lanera.

Erruki-etxea zena, egoitza

Imanol Elias historialari eta idazle azpeitiarrak Azpeitia historian zehar liburuan dioenez, "Azpeitiko Udalak 1754ko ekainaren 21ean, San Martingo ospitalea erruki-etxe bezala erabiltzea onartu zuen". Aurreneko erruki-etxea parrokia atzean zegoen, baina eraikina zaharra gelditu zelako berria egitea erabaki zuten, 1830eko abuztuan. Gaur egun San Martin egoitza dagoen tokian egin zuten berria, Harzubia hiribidean. 1858ko abenduaren 27an bukatu zuten. Behin erruki-etxe berria eginda zegoenean etorri ziren Karidadeko lekaimeak Azpeitira.

Lekaimeek 1898ko urrian Milagrosako ikastetxea ireki zuten. Gaur egun Iraurgi Ikastetxearen baitan dago hori, eta haur txikienen ikasgelak dituzte bertan.

Urte batzuetan erruki-etxean eta ikastetxean lanean jardun zuten lekaimeek. 1979an erruki-etxeko zati handi bat bota egin zuten eta eraikin berria 1978an hasi ziren egiten, eta San Martin Egoitza bezala izendatu zuten.

Gaur egun, San Martin egoitza handitzen eta eraberritzen ari dira. Dagoeneko eraikin berriko ia lan guztiak bukatuta dituzte eta lehengo eraikina eraberritzen hasita daude. 58 egoiliar daude egoitzan bizitzen, baina behin lan guztiak bukatutakoan gehiago hartuko dituzte. Bertan Karidadeko lekaime batzuk ere egiten dute lan.

Karidadeko lekaimeek, egoitzan ez ezik haurren heziketan ere egin dute lan Azpeitian, aurrena Milagrosa Ikastetxean eta gero Iraurgin. 1979ko apirilean, herriko beste lau erakunderekin batera, Urola bailaran Batxilergoko ikastetxe erlijioso bat eraikitzeko abiapuntua izango zen akordioa sinatu zuten. Iraurgi izena hartuko zuen sortzean ikastetxe horrek.

1993an, berriz, DBHko ikasleak Iraurgi Ikastetxera atxiki zituzten. 2002-2003ko ikasturtearen hasieran Milagrosa bezala jarduteari utzi zioten, eta herriko beste ikastetxe erlijiosoekin batera, Iraurgi Ikastetxea sortu zuten.