Bihar hasiko dira San Isidroak Aratz-Errekan

Uztarria.eus 2008ko mai. 13a, 18:05

Goizean goiz emango die hasera San Isidroei; hamarretan izango da txupinazoa

Hainbat ekitaldi antolatu dituzte ostegunetik larunbatera

Bihar osteguna, maiatzaren 14an, emango zaie hasera Aratz-Errekako San Isidro festei. Goizeko hamarretan suziria bota eta iganderarte festa giroan murgilduta izango dira.

Hainbat ekitaldi antolatu dituzte festetako, horien artean, bihar eguardiko Meza Nagusiaren ondoren biterreoa izango da eta iluntzean mami-jana.

Ostiralean, San Isidro bigarrenez, eta astebukaera gogorrari aurre egiteko prestatuz, arkume-jana, Xabier Etxaniz eta Iñigo Galdos soinujoleekin.

Larunbata ekitaldiz gainezka dute. Goizean mendi buelta (Izazpi-Paotxeta-Samiño), ondoren Idi Demak eta iluntzean Gazte afaria, inguratzen den guztiarentzat.

Eta aurten ere, ez dira ahaztu San Isidroetan hain ezagun egin den lehiaketa antolatzeaz: hiru arrautza egosi nork azkarrago jan. Iganderako ez dute ekitaldirik antolatu,izan ere, "Jainkoak ere jai egin omen zuen igandea".