Lapatx zabortegia handitzea aztertuko dute

Uztarria.eus 2008ko mai. 13a, 13:05

Lapatx, Urteta eta Sasietako zabortegiek San Markostik urtean 105.000 tona zabor jaso ditzakete

Gainontzeko 25.000 tona Bizkaira deribatzea hitzartu dute

Gipuzkoako ahaldun nagusi Markel Olanok joan den astean jakinarazi zuen Azpeitiko Lapatx, Zarauzko Urteta eta Beasaingo Sasieta zabortegiak handitzeko aukera aztertuko dutela datozen asteetan.

Lapatx eta beste biak, euren Mankomunitateetako zaborra jasotzeaz gain, San Markosko zabortegiko (Errenteria) zaborrak ari dira jasotzen martxotik. Hiru zabortegiek, urtean 105.000 tona zabor jasotzen dute Donostialdeko zabortegitik, baina antza denez, kopuru hori ez da nahikoa zabor guztia administratzeko. Hori dela eta, "hiru zabortegi horiek handitzearen aukera aztertuko dute", Markel Olanoren arabera.

Hala ere, erabaki guztiak oraindik hartzeko daude eta Gipuzkoako diputatu orokorrek Bizkaikoekin egindako itunak ere eragina izango du hemengo zabortegien etorkizunean. Hitzarmen horren arabera, Gipuzkoak 25.000 tona zabor deribatuko ditu Bizkaira, Lapatxek, Urtetak eta Sasietak hiruren artean, lehengoaz gain, jaso ezin duten zabor kopurua, alegia.

Aurreikuspenen arabera, 2013an irekiko dute Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketa Orokorraren Zentro berria eta zentro horrek egungo zabortegiak ordezkatuko ditu. Azpiegitura hori lanean hasi bitartean, aztertzen ari dira Lapatxeko, Urtetako eta Sasietako zabortegiak nola handitu Gipuzkoako hondakinak hartzen jarraitzeko.