Azpeitian ere baztertu egin dute EAJren mozioa, eta udal gobernuarenak irten du aurrera

Uztarria.com 2008ko mai. 8a, 23:05

Zinegotziak bozketa batean gaur, mozioei buruzko saioan. Beste argazkian, hainbat herritar Udaleko aretoan gaur.

EAJ bakarrik geratu da EAE-ANVko hautetsien dimisioa eskatzean

EAE-ANVko hautetsiek modu pertsonalean, EAk eta Aralarrek mozio alternatiboa aurkeztu dute, eta "eszenatoki demokratikoa eraikitzea beharrezkoa" dela deritzote

Azpeitiko Udalak ere ez du onartu EAE-ANVren hautetsien dimisioa eskatzeko EAJko eta PSE-EEko zuzendaritzek hitzartutako mozioa. Gaur (osteguna) 20:00etatik aurrera izan da udalbatzarra Azpeitian, eta EAJ bakarrik geratu da mozio horren defentsan. Gainera, EAE-ANVko hautetsiek modu pertsonalean —hala sinatu dute—, EAk eta Aralarrek osatutako udal gobernuak mozio alternatiboa aurkeztu du eta aurrera atera da, gehiengo osoz. Azpeitiko Udalean EAE-ANVk sei zinegotzi ditu (alkatea barne), EAk bi, Aralarrek bat eta EAJk zortzi.

Udalbatzarraren aurretik, ezker abertzaleak deituta, eguerdian elkarretaratzeak egin dituzte herrian, eta 19:30etik aurrera, berriz, manifestazioa. Plenoan bertan jende asko elkartu da, alderdi denetako jarraitzaileak. Ezker abertzaleko jarraitzaileek EAJko zinegotzien kontrako oihuak egin dituzte eta, besteak beste, Zuekin etorkizunik ez. Etorkizuna, independentzia! zioten kartelak erakutsi dituzte.

EAJren mozioaren arabera, "aniztasun politiko, soziala, ideologikoa edo nortasunezkoa onartzeaz" gain, "herri karguek zalantzarik gabeko konpromisoa hartu behar dute bereziki bizitzeko eskubideaz". ETAk hori urratu egiten duela dio EAJk, eta hori hautetsiek "gaitseztu" beharra dutela eta, halakorik ezean, hautetsiek dimisioa eman behar dutela. Udalak ez du onartu, baina.

Bai, aldiz, bestea, udal gobernuarena. Udalak "zilegitasun demokratiko osoa" duela aldarrikatu dute, eta Udala aurrera ateratzeko "bide demokratiko eta baketsuak" erabiltzeko konpromisoa hartua dutela. "Desberdinen arteko akordioak bilatu behar" direla diote EAE-ANVko kideek, EAk eta Aralarrek. Hala, "gatazka kaleetatik atera eta modu elkarrizketatuan konpontzeko, prozesu demokratiko bat abiatu eta indarkeri guztien desagerketa ahalbideratuko duen eszenatoki demokratikoa eraikitzea beharrezkoa deritzogu, proiektu politiko guztiak (independentzia barne) gauzagarri izango direna".

EAk, EAJri erantzunez, aipatu du ados dagoela bizitza eskubidea aldarrikatzearekin, baina ez hautetsien dimisioa eskatzearekin. Aralarrek esan du "denen artean" eman behar direla pausoak konponbiderako, eta udal gobernuaren mozioa badela pauso bat.

EAJren mozioaren bozketa 21:00etan egin dute, eta segidan udal gobernuarena.

EAJk aurkeztutako mozioa
- Aldeko zortzi boto: EAJ (8).
- Kontrako bederatzi boto: EAE-ANV (6), EA (2) eta Aralar (1).

EAE-ANVko hautetsiek modu pertsonalean, EAk eta Aralarrek aurkeztutako mozioa
- Aldeko bederatzi boto: EAE-ANV (6), EA (2) eta Aralar (1).
- Kontrako zortzi boto: EAJ (8).

Bi mozioak osorik

EAJrena

Udal gobernuarena

EAJren erantzuna udal gobernuaren mozioari

  • Udal gobernu honek zilegitasun demokratiko osoa dauka (dio udal gobernuaren mozioak). "Noski. Nahiz eta alde handiz aurreneko indarra garen, zuek gobernuan 9 zarete eta gu oposizioan 8".
  • Udalak, soilik, bide demokratiko eta baketsuetatik garatzeko konpromisoa berresten du. "Noski, baina indarkeria eta erailketen aurrean ezin du isilik egon: Isaias Carrascoren erailketaren aurrean Udal gobernua isilik egon zen".
  • Desberdinen arteko akordioak bilatu behar dira. "Ados, hori da Herriak eskatzen duena, baina Herriak ETA desagertzeko ere eskatzen du. ETA oztopo nagusia da bakea eta normalizazio lortzeko bidean aurrera egiteko. Garbi arbuiatu behar dugu etiko eta politikoki".
  • *Proiekto polítiko guztiak gauzagarri izango diren eta eskubide guztiak errespetatuak izango diren eszenatoki demokratikoa eraiki beharra dago*. "Ados, baina ezin da aipatzen den indarkeria guztien desagerketa ahalbideratuko duen eszenatoki hori lortu arte ETA edo kale borroka arbuiatu edo gaitzetzi gabe egon".

(EAJren erantzuna osorik)

Herritarren iritziak

Mozioen bozketa egin aurretik, hainbat herritarrek hitza hartu dute.

Arantxa Isart (Pedro Mari Isart Pelitxo zenaren anaia. Espainiako Poliziak hil zuen Pelitxo; ANVko zinegotzia da Arantxa Isart). “Nire anaia erail egin zuten eta inork ez zuen orduan moziorik aurkeztu. Eta orain ere inolako zilegitasunik gabe gertatzen diren espetxeratze, tortura eta abarren kasuetan ere inork ez du moziorik aurkeztu. Eta orain zuek (EAJk) guri etika eskatzera etorri al zarete?”.

Aitzol Iparragirre (Habeako zinegotzi ohia). “Habeak 2003an 2.027 boto lortu zituen eta lau zinegotzi zegozkion. Zuek (EAJk), alderdien legeaz aprobetxatu eta ez al zenituen Batasunaren batzarrak debekatu? Eta orain, dimisioa eskatzeko aurpegia izan duzue. Etikaz sinesten baduzue, zuen dimisioak egon beharko luke mahai honetan”.

Miren Odriozola (Udalbiltzako auzipetua). “Duela bederatzi urte sortu genuen elkarrekin Udalbiltza, Euskal Herriko lehen instituzio nazional bakarra. Euskaldunan ezarri genituen bere printzipioak eta, egun, 22 lagun inputatuta gaude auzi horretan. Epaiketa horren aurrean zuek zer egiteko prest zaudete?”.

Juanita Jauregi (Xabier Etxeberria presoaren ama). “Euskal preso politikoen kontrako sakabanaketa politikoaren aurka ezer ez duzue egiten eta Poliziak, zuenak barne, egiten dituen torturak salatzeko firma bat ere emateko prest ez zaudete”.

Ekaitz Agirre. “Biolentzia zuena ere badela uste dut: manifestazioetara ertzainak jendea jipoitzera bidalita edota kalean pistolak aterata. Orain, GAL sortu zuen alderdi batekin (PSOErekin) egin duzue akordioa”.