Bagerakoek ibilaldia egingo dute Najerara

Uztarria.eus 2008ko mai. 7a, 11:05

Maiatzaren 21ean joango dira eta ibilaldirako izen-emate epea hilaren 12an hasi eta 16an bukatuko da

Upategira bisita, Errioxako erara bazkaria eta museoetara bisitak egingo dituzte, besteak beste

Bagera Jubilatuen Elkarteak Najerara (Errioxa) ibilaldia antolatu du. Maiatzaren 21ean joango dira eta egun osoko egitaraua prestatua dute dagoeneko.

Goizeko zortzietan aterako dira Azpeititik. 10:30ean bisita gidatua egingo dute Navarrete herrian hestebeteak tradizionalki egiten dituen enpresa batera. 12:00etan Najerako ‘Cuna de Reyes’ upategira egingo dute bisita. 14:15ean ‘Fabian’ jatetxean Errioxako erara bazkalduko dute: patatak errioxar erara, arkumea txilindron erara eta natillak. Bazkalostean, Wurth museora egingo dute bisita gidatua eta han arte munduko hainbat pieza ikusiko dituzte. Bidaia egiteko ordaindu beharreko prezioa 24 eurokoa dela jakinarazi dute Bagerakoek.

Izen-ematea hilaren 16a arte

Izen-ematea, berriz, hilaren 12an hasi eta 16an bukatuko da. Ohi bezala, izena Bagerako bulegoetan eman behar da 10:30etik 12:30erako ordutegian.