‘Nere gorringotik’ liburua argitaratu du Iñaki Segurolak

Uztarria.eus 2008ko api. 29a, 13:04

Euskadi Irratiko kolaboratzailea da eta han irakurritako testuak bildu ditu liburuan

“Gorringoari gauza onak gustatzen zaizkio, arrazoizkoak, bihotzekoak; zuringoa, berriz ez da bizitzaz axolatzen”, dio

Nere gorringotik liburua argitaratu berri du Iñaki Segurola azpeitiar idazle eta filologoak. Euskadi Irratiko Arratsaldekoa saioko kolaboratzailea da hura eta han irakurritako testuekin osatu du liburua. Atzo, astelehena, aurkeztu zuen Nere gorringotik, Donostian.

Segurolaren arabera, Inazio Mujika Iraola Alberdania argitaletxeko editoreak proposatu zion irratian irakurritakoak liburu batean biltzea eta, hasiera batean zalantzak izan bazituen ere, azkenean halaxe egin du. Izan ere, esatetik, irakurri edo idaztera “alde handia” dagoela dio Segurolak: “Gauza bat da irratian ahoz gauzak kontatzea eta oso bestelakoa paperean hilda bezala azaltzea”. Hala ere, “idazteko hizkuntzatik baino esatekotik gertuago” dagoela dio Nere gorringotik.

Gorringoa eta zuringoa

Gorringoari “gauza onak” gustatzen zaizkiola azaldu du: “Gauza onak, arrazoizkoak, bihotzekoak. Zuringoa, berriz, ez da bizitzaz axolatzen”. Gorringotik abiatuta, Alberdania argitaletxearen Saiakera sailean argitaratu du Segurolak liburua.

(Albistearen inguruko informazio gehiago Berria egunkarian).