Asteazkenean bukatuko da Izarraizko Mendi Lasterketako izen-ematea

Uztarria.com 2008ko api. 26a, 17:04

Maiatzaren 11n izango da proba, eta gehienez 350 lasterkari ariko dira

Udalak aparkaleku bereziak jarriko ditu, eta Izarraitz pilotalekuan aldagelak

Maiatzaren 11n izango da Izarraizko I. Mendi Lasterketa, baina izen-ematea datorren asteazkenean (apirilak 30) bukatuko da —apirilaren 14an zabaldu zuten epea—. Izena lehenen ematen dutenek irtengo dute proban.

Manuel Unanue Azpeitiko Udaleko zinegotziak gaur (larunbata) jakinarazi duenez, maiatzaren 11rako aparkaleku bereziak jarriko dituzte, eta Izarraitz pilotalekuan aldagelak eta dutxak egongo dira, baita masaje zerbitzua ere.

Proba antolatzeko jendea behar dutela ohartarazi du Lagun Onak Mendi Bazkunak, eta herritarrei Lagun Onaken tabernan izena emateko eskatu die.

Izarraizkoa Euskal Herriko Mendi Lasterketen Koparako proba puntuagarria izango da Izarraizkoa; Gipuzkoako mendi lasterketen artean bakarra, gainera.

Proba goizeko hamarretan hasiko da, Azpeitiko plazatik, eta leku berean bukatuko da. 14:00etan itxiko dute kontrola.

Non eman izena

Asteazkenetan eman eman behar da izena, 21:30etik 22:30era, 688 677639 edo 688677638 telefono zenbakietara deituta; bestela, www.lagunonakmb.org helbidean, noiznahi.

Federatuek 15 euro ordaindu behar dute parte hartzeko; gainontzekoek, 20 euro. Dirua Euskadiko Kutxaren honako kontu korronte zenbakian sartu behar da: 3035 0020 59 0200065443.

Ibilbidea

Ibilbideak 21,2 kilometroko luzera izango du, eta 3.320 metroko desnibela guztira. Erlo izango da lasterketako punturik altuena, 1.026 metrora.

Plazatik abiatuta, Santiago kalean Izarraitzera igotzeko ohiko bidea hartu beharko da. Xoxoten direla, Kakutera igotzea izango da hurrengo erronka, Pago Bakarretik. Ondoren Erlora joko dute lasterkariek, eta handik Haitz Bakarrera jaitsiko dira. Madalena auzotik sartuko dira berriro ere herrira, eta plazan bukatuko da lasterketa.