Udalbiltza auzia salatzeko elkarretaratzea egingo dute asteartean plazan

Uztarria.eus 2008ko api. 25a, 15:04

Bost urte bete dira Udalbiltzaren kontrako operazioa hasi zela

.22 lagun daude auzipetuta; Miren Odriozola azpeitiarrarentzat eta Xarlo Etxezaharreta hazpandarrarentzat hamarna urteko kartzela zigorra eskatzen dute

Udalbiltzaren legez kanporatzearen bosgarren urteurrenaren harira, hainbat ekimen prestatu dituzte orain bost urte jazotakoa gogoratu eta auzipetuen egoera salatzeko eta horien artean, kontzentrazioak egingo dituzte datorren asteartean, hilak 29, Euskal Herriko udaletxeen aurrean. Azpeitian 19:30ean egingo dute elkarretaratzea, herriko plazan.

.22 auzipetu daude Udalbiltza auzian inputatuta eta horietako bat da Miren Odriozola azpeitiarra. Hamar urteko kartzela zigorra eskatzen dute beretzat, “ETAko kidea” delakoan eta “diru publikoa ETAri bideratu” diolakoan.

Miren Odriozolarekin batera, Hazparneko Xarlo Etxezaharreta ere auzipetuta dago sumario honetan. Odriozolaren arrazoi berdinak leporatzen dizkiote Etxezaharretari ere –Azpeitia eta Hazparne (Lapurdi) senidetuta daude 1980ko hamarkadatik-.

2003ko apirilaren 29an Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak Udalbiltzaren kontrako operazioa agindu zuen eta erakundearen egoitzak zigilatu eta kontuak blokeatu zizkieten. Egun berean Zuberoan garapen egitasmoak bultzatzeko bildutako 400.000 euroak lapurtu eta hamahiru pertsona espetxeratu zituzten.

Udalbiltzak salatu duenez, “nazio eraikuntzan zein udalen arteko elkarlanean emandako urratsak geldiaraztea du operazio honek helburu. Horregatik bizkortu dute auzia eta dagoeneko epaiketaren atarian gaude”. 22 auzipetuek 10 urtetik 23 urtera bitarteko zigor eskaerak dituzte.

Bihar, larunbata Oiartzunen bilkura

Udaletxe aurretako elkarretaratzeez gain, Udalbiltzak beste ekimen nagusi bat ere prestatu du ondorengo egunetarako. Hala, bihar, larunbata, 12:00etan Oiartzungo udaletxeko areto nagusian sumarioko auzipetuak, Udalbiltzako kideak eta hainbat sektoretako gizarte eragileak bilduko dira.

Uztarria herri aldizkariaren otsaileko zenbakiak zekarren Miren Odriozola eta Xarlo Etxezaharreta Udalbiltzako auziperatuei egindako elkarrizketa.