Irakastetik jendaurrera

Urola Kostako Hitza 2008ko api. 25a, 10:04
Juan Antxieta Musika Eskolako irakasleak gaurko kontzerturako entseatzen, atzo, Betharramdarretan.

Juan Antxieta Musika Eskolako irakasleak gaur, ostirala, kontzertua emango dute, 19:30ean, Betharramdarretan

Ez da ohikoa musika irakasleak jendaurrean jotzea; orain dela 24 urte ere eman zuten irakasleek antzeko kontzertua

Jo eta jo, pieza bera behin eta berriro errepikatuz ari dira musika irakasleak Betharrandarretako aretoko taula gainean. Entsegu orokorra dute eta kontzertu eguneran bezpera da. Denak Juan Antxieta Musika Eskolako irakasleak dira, eta gaur 19:30ean Betharramendarretan joko duten kontzerturako azken entsegua egiten ari dira.

.09:30erako entseatzen hasita zeuden, txandaka, eta ia atsedenik hartu gabe ari dira piezak jotzen. Hamabiak pasatxo direla heldu da txistularia. Txistua hartu eta bere lekua hartu du; soinu-jotzaileak ere horixe egin du, aretora iritsi orduko bere lekuan jarri eta beste musikariak entseatzen ari diren pieza jotzeari ekin dio. Beste irakasle batzuk eserlekuetatik adi daude; "txistua ez da batere entzuten", adierazi diote Jorge Bruschik, piezaren zuzendariariak.

Aurtengo ikasturtean, Juan Antxieta Musika Eskolak 25 urte betetzen ditu. Ikasturtearen hasieran, urteurreuna ospatzeko ekitaldiak prestatzen hasi ziren, eta orduan otu zitzaien irakasleen kontzertua ematea; "eskolako irakasleen artean galdetu eta denak prest zeuden jendaurreko ekitaldi batean parte hartzeko". Gaur, Musika Eskolako irakasle guztiek parte hartuko dute, beraz; "18 irakaslek, denok". "Animatuta" daude dakitena jendaurrean azaltzeko.

Azkena orain dela 24 urte

Musika Eskolako irakasleek kontzertua ematea ez da ohikoa; 25 urteotan bigarren aldia izango dute gaur. Aurrenekoa orain dela 24 urte eman zuten: Juan Antxieta Musika Eskola 25 urte liburuan aipatzen denez, 1984ko maiatzaren 18an eman zuten irakasleek kontzertua, Enparan Dorretxeko ekitaldietarako aretoan.

Musika Eskolako zuzendari Mari Jose Bikendi Betharramdarretako aretoko eserlekuetatik ari da entsegua jarraitzen, eta berak kontatu dizkio 'Urola Kostako Hitza'-ri kontzertuaren nondik norakoak. Kontzertua prestatzeko lanak ikasturtearen hasieran hasi zituzten, baina entseguak azken hiru hilabeteotan egin dituzte. «Bakoitzak zer egin behar dugun antolatuta genuen. Baina entseguetarako denok elkartzea zaila izan da, hainbat irakasle kanpotik etortzen delako eskolak ematera. Baina ahalegin bat egin dugu guztiok eta goizetan-eta entseguak egin ditugu", kontatzen du. Atzo, ordea, kontzertua emango duten tokian entseatzen ari ziren aurreneko aldiz, Betherramdarretan.

Kontzertuaren eguna gainean, sentsazio desberdinak sentitzen dituztela diote: "Urduritasuna, tentsioa... denetarik; badauka bere puntua".

Urteak musika irakasten

Orain ikasleen paperean bezala sentitzen direla diote: "Noski, guk ikasleekin audizio asko, kontzertu asko egiten ditugu ikasturtean zehar, baina gure txanda heldu denean, jendaurrean jarri beharrak ardura handia eskatzen digu". Hala ere, irakasle batzuk jendaurrean jotzera ohituta daudela dio Bikendik, "batzuk euren taldeekin kontzertuak ematen dituztelako; baina beste irakasle batzuentzako gauza berria da".

Irakasle askok urte asko daramatzate Azpeitiko Musika Eskolan musika irakasten, "Maixol Elorzak 25 urte daramatza Juan Antxieta Musika Eskolan, sorreratik dabil. Maixol-eta musika eskola bera sortu aurretik musika erakusten aritu ziren; beraien etxeetan ematen zituzten klaseak". Beste batzuk, 24-23 urtean dabiltza Musika Eskolan. Irakasleak gero eta finkoagoak direla dio zuzendariak: "Irakasle taldea pixkanaka sendotzen ari da. Izan ere, instrumentu aukera zabaltzen joan garen neurrian, irakasle taldea ere zabaldu egin da. Irakasle berriena aurten sartu da". Aurten aurrenekoz tronpa ikasteko aukera izan dute ikasleek eta datorren ikasturtean beste hiru instrumentu ikasteko eskaintza zabalduko dute: tronboia, tuba eta bonbardinoa.

Gaurko kontzertuan irakasleek "ondo pasatzea" dute helburu, "eta noski, jendearen gustukoa izatea". Hainbat estilotako musika joko dute: "Herrikoia, batik bat, perkusio pixka batez lagunduta; musika animatua ere badago... programan gauza desberdin asko sartu dugu".

Gaurko kontzertua emateko "urduri" baina "gogo handiarekin" daude musika irakasleak, baina behin pasatutakoan "lasaitu ederra" hartuko dutela diote. Hala ere, oraingo ikasturtea bukatu bitartean, jo eta jo jarraitu beharko dute, 25 urteurrena ospatzeko hainbat ekitaldi berezi prestatuta dituztelako.