Azpeitiko ANVk, EAk eta Aralarrek berretsi egin dute zentsura mozioak ez duela irtengo aurrera

Uztarria.com eta Urola Kostako Hitza 2008ko api. 24a, 14:04

Iñaki Errazkinek segituko du alkate izaten

Aurretik dimisioen eskaeren mozioa aztertuko dute, maiatzaren 8an; gehiengo sinplea nahikoa da hor

Azpeitiko udal gobernuko ordezkariek gaur (osteguna) Urola Kostako Hitza-n esandakoagatik (EAE-ANVk, EAk eta Aralarrek osatzen dute), berretsi egin da Iñaki Errazkinek (EAE-ANV) segituko duela alkate izaten, EAJk haren kontra aurkez dezakeen zentsura mozioak ez duelako aurrera irtengo.

Aurretik, maiatzaren 8an, dimisio eskaeren mozioa aztertuko dute. EA eta Aralar prest daude mozioko lehen bi puntuak babesteko —giza eskubideen aldekoa, batik bat bizitzaren aldekoa; eta aniztasunaren eta bide politikoen aldekoa—, baina ez hirugarren puntua —dimisio eskaerei buruzkoa—. Hala ere, ikusi egin behar kontra bozkatzen duten edo abstenitu egiten diren (EAk jarrera hori hartu du Arrasaten, Aralarrek kontra bozkatzekoa). Dimisio eskaerei buruzkoa mozio arrunta izanik, nahikoa da gehiengo sinplea aurrera egiteko.

EAJk sartu du dimisio eskaeren mozioa —ANVk ETA ez gaitzesteagatik—, asteartean uztarria.com-ek aurreratu bezala. EAE-ANVko hautetsien dimisiorik ezean, EAJ prest legoke hurrena zentsura mozioa sartzeko, baina gehiengo osoa beharko luke kasu horretan. Hau da, gutxienez, beste boto bat.

Azpeitian, EAren eta EB-Aralarren babesarekin lortu zuen alkatetza EAE-ANVk iazko ekainean, eta udal gobernua osatu zuten. EAE-ANVk sei zinegotzi ditu, EAk bi eta EB-Aralar koalizioak bat. EAJk, oposizioko alderdiak, zortzi zinegotzi ditu.

EAko zuzendaritzak aste honetan Eusko Legebiltzarrean adierazi duenez, ez du uste EAE-ANVren alkatetzak kentzea lagungarria denik "bakean eta normalizazio politikoan aurrera egiteko", eta EAE-ANV alderdia "jo eta botatzeko" estrategiaren aurka agertu zen. Gainera, argi eta garbi utzi duenez, Arrasaten izan ezik, beste herrietako udaletan ez dute moziorik aurkeztuko edo babestuko. Ezker abertzalea baztertzea "iraganera" itzultzea dela irizteaz gain, "Ajuria Eneako Itunera bueltatzeko" asmoa ikusten dela nabarmendu du EAko presidente Unai Ziarretak.

Aralarri ere ez zaio egokia iruditu mozio horiek aurkeztea: "Ezker abertzale ofiziala politikoki baztertzeko" ekimenei ez jarraitzea garrantzitsua dela adierazi du Aralarreko koordinatzaile nagusi Patxi Zabaletak.

Udaleko arduradunen esanak

**Iñaki Errazkin (EAE-ANV, Azpeitiko alkatea)**
"Beste herrietan bezala jokatu du Azpeitian ere EAJk, gure aurkako mozio zentsura sartuz. Gure ustez EAE alkatetzetatik kentzea da mozio hauek aurkeztearen benetako arrazoia. Akordio hori egin du PSOErekin eta logika horren barruan ulertzen dugu mozioen kontu hau. Azpeitiko kasuari dagokionez ikusteko dago zer gertatuko den hurrengo udalbatzarrean, baina EA eta EB-Aralar alderdiekin dugun Udal Gobernua mantentzen dugun bitartean mozio hau ez da aurrera aterako".

Julian Eizmendi (EAJ)
"Jarraibide orokor batzuk eman ditu gure alderdiak eta hori jarraituz aurkeztu dugu zentsura mozio hau. Hortik aurrera, esan beharrekoak udalbatzarrean bertan esango ditugu. Gainera, gai honen inguruan EAJk nahikoa hitz egin du dagoeneko".

Manuel Unanue (EA)
"Azpeitiko EAk ez du adierazpenik egin beharrik, alderdiak jada argi eta garbi adierazi duelako zein den bere jarrera gai honi buruz".

Juan Karlos Arellano (Aralar)
"Ni zinegotzi independentea naiz baina gai honetan Aralar alderdiaren iritzia errespetatuko dut. Gainera, Azpeitian behintzat. ez du inolako zentzurik mozio hau onartzeak".