Aurrekontuaren erdia nahikoa izan dute Uztaro handitzeko

Urola Kostako Hitza 2008ko api. 24a, 10:04
Uztaro Haur Eskola handitzeko jarri duten eraikina.

Haur eskolaren leku faltari irtenbidea emateko modulukako eraikin bat jarri dute, lehengo eskolarekin lotuta

Lanek 112.000 euroko aurrekontua izan dute

Uztaro Haur Eskola handitzeko modulo bat gehitu diote lehengo eskolari. Lanek 112.000 euroko aurrekontua izan dute Udaleko EAE-ANVko arduradunek azaldu dutenez: "Gu Udalean sartu ginenean Uztaro handitzeko beste proiektu bat zegoen eginda, eta 40-50 milioi pezetako aurrekontua zuen. Orain egindako lanekin haur eskolak zuen beharrari era txukun eta duinean konponbidea eman zaio eta aurrekontu aldetik asko aurreztu dugu".

Uztaro Haur Eskola Euskal Herria kalean jarri eta berehala "gainezka" zegoela azaldu dute Udalekoek. "Behar bati erantzuteko leku faltan zeuden, lehengo lokalak gehiagorako ez zuelako ematen, eta guk administrazio publiko bezala horri erantzun behar genion". Haur Eskolaren leku faltari irtenbidea emateko, eraikinari modulo bat gehitu diote, lehengo lokalarekin bat eginez. Modulua, kanpoko eraikina alegia, bukatuta dago eta guztia martxan jartzeko barruko gauzak noiz helduko zain daude.

"Behin-behineko izaerarekin"

Udaleko arduradunen esanetan, orain egin dituzten lanak "behin behinekoak" dira: "Dagoen beharrari behin-behinekoz erantzuna emateko egin da obra; etorkizunean Haur Eskolarentzako beste leku batzuk egon daitezkeelako". Horregatik, aurrez eginda zegoen proiektua gehiegizkoa zela uste zuten, "behin-behinekoa izateko gehiegizkoa zen".

Haur Eskola zabaltzeko egin duten lana "txukuna eta duina" dela diote, "moduluka frabrikatutakoa da eta homologatutakoa. Diru gutxiago kostatu da, baina ez azpiegituren kalterako".

Haur Eskolaren eraikina bukatuta dago dagoeneko eta barruko azpiegiturak falta zaizkie martxan jartzeko, "Udalari dagokiona eginda dago, orain Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari dagokio matrikula epea zabaltzea".

Bueltan espaloia

Modulukako eraikina jarrita, bidegorrirako lehengo pasabidea itxita gelditu da, baina eraikinari bueltan espaloia egin diote bidegorrira oinezkoek pasabidea izateko.