Maiatzaren 8ko udalbatzan aztertuko dute EAE-ANVren kontrako dimisio mozioa

Uztarria.eus 2008ko api. 22a, 13:04

EAJk ETA gaitzesteko eskatuko dio eta, gaitzespenik ez balego, dimisio eskaera egingo du

Dimisiorik ez balego, jeltzaleak prest leudeke Errazkin alkatearen kontrako zentsura mozioa aurkezteko

Azken albistea (08/04/23- 09:55): ezker abertzaleak herri batzarra egingo du gaur, asteazkena, mozioaz

Uztarria.com-ek jakin duenez, Azpeitian maiatzaren 8ko udalbatzan aztertuko dute EAE-ANVko udal karguen kontrako dimisio eskaeraren mozioa; 20:00etan hasiko da udalbatzarra. EAJk sartu du eskaera udaletxean. Mozioaren bidez, lehendabizi ETA gaitzesteko eskatuko dio EAE-ANVri eta, gaitzespenik ez balego, dimisio eskaera egingo du.

Azpeitian iazko ekainetik EAE-ANV (sei zinegotzi), EA (bi) eta Aralar (bat) daude udal gobernuan. EAJ da oposizioko alderdi bakarra (zortzi zinegotzi).

Dimisiorik ezean, EAJ prest legoke hurrena IƱaki Errazkin (EAE-ANV) alkatearen kontrako zentsura mozioa aurkezteko.

Hori aurrera ateratzeko, gutxienez bederatzi boto beharko lituzke EAJk; hau da, gehiengo osoa. EAko zuzendaritzak joan den astean egindako bileran erabaki zuen EAE-ANV alkatetzatik kentzeko zentsura moziorik ez duela babestuko, Arrasatekoa salbu. Aralarreko zuzendaritzak ere iragarri du ez duela alde bozkatuko.

Azken albistea (08/04/23- 09:55): ezker abertzaleak herri batzarra egingo du gaur, asteazkena, mozioaz

Maiatzaren 8an EAE-ANVren kontrako mozioa aztertuko dutela-eta, horretaz hitz egingo du gaur Azpeitiko ezker abertzaleak herri batzarrean. "Gaiaren garrantzia" kontuan hartuta, "ahal den herritar gehien" agertzeko deia egin dute. Azpeitiko "erronka politikoez" ere hitz egingo dute.

Gaur, asteazkena, 20:30ean izango da batzarra, Bageran (Aitonena).