Igoerako postuetan, baina "asteroko lanari begira" dago Lagun Onak

Urola Kostako Hitza 2008ko api. 22a, 11:04

Denboraldia bukatzeko bost partida falta zaizkionean, sailkapenean hirugarren postuan dago

Hurrengo partidan larunbaten jokatuko dute; Durangoren kontra, 17:00etan, han

Espainiako Hirugarren Mailako Lagun Onak futbol taldeak hiru puntu gehiago eskuratu ditu joan den asteburuan, Amorebietaren kontra 4-0 irabazi ondoren, Garmendipen. Azken partidetan emaitza onak lortu ditu eta, ondorioz, azpeitiarrek maila igoera jokatzeko gero eta aukera gehiago dute; sailkapenean hirugarren daude, 58 punturekin. Hemendik denboraldia bukatu bitartean, ordea, "asteroko lanari begiratu beharra" dagoela diote Lagun Onak-ekoek, "denboraldiko azken partidetan futbol taldeen artean gauza asko izaten direlako jokoan".

Bost partida falta

Denboraldia bukatzeko bost partida gelditzen zaizkio Lagun Onak-i: hiru etxean, Zarautzen (15. sailkapenean eta 36 puntu), Laudioren (17. eta 33 puntu) eta Gernikaren (5. eta 57 puntu) aurka; eta bi kanpoan, Durangoren (16. eta 34 puntu) eta Zamudioren kontra (igoerako postuetan, 4., eta Lagun Onak adina puntu: 58).

Lehen itzuliko azken sei partidetan 18 puntutatik 16 eskuratu zituen Lagun Onak-ek. "Futbolean estatistikek ez dute balio handirik, ordea, eta denboraldiaren bukaerako partidetan beste taldeek ere jokoan asko izaten dute: igoera dela, jaitsiera dela...", dio Lagun Onak-eko Juan Ramon Olalde Kinttelak.

Espainiako Hirugarren Mailako Lagun Onak-ek hurrengo partida larunbatean jokatuko du Durangoren kontra, 17:00etan, Durangoko Tabira futbol zelaian. Eta hurrengo bi norgehiagokak etxean izango ditu: maiatzaren 1ean (osteguna) Zarautzen kontra jokatuko du Garmendipen eta maiatzaren 4an (igandea) Laudioaren aurka.