Haur misiolarien topaketa ospatuko dute asteburuan

Uztarria.eus 2008ko api. 18a, 14:04

Bihar, larunbata, ekimenak egingo dituzte egun osoan zehar; plazan hasi eta Loiolan jarraituko dute

Haurrengan "misioaren baloreak" suspertzea eta arlo horretan beraien "parte-hartzea bultzatzea" izango ditu helburu topaketak

Bihar (apirilak 19, larunbata) haur misiolarien topaketa ospatuko dute Azpeitian. Gotzaitegiko Misio Departamentuak eta Donostiako Haurren Idazkaritzak bultzatu dute ekimena eta Azpeitiko Misio Taldeak lagundu du. Hiruren artean, egun osoko egitaraua prestatu dute. 10:30ean ekingo diote topaketari herriko plazan eta Loiolan segituko dute.

Haurren artean "misioaren baloreak" suspertzea du helburu biharko ekimenak. Ildo beretik, misio arloan haurrek izan dezaketen "parte hartzea" suspertzea nahi da. Leire Atxega Gotzaitegiko Misio Departamenduko kideak azaldu duenez, "misiolaritza ez dago bere onenean eta arloa gazteengan sustatu nahi dugu".

"Elkartzea bera esanguratsua"

Ekin lanari izango da topaketaren leloa eta antolatzaileen arabera, haur, guraso, katekista eta aiton-amonen artean, 1.400 bat lagun elkartzea aurreikusita dute. "Elkartzea bera esanguratsua izango da. Kristauak elkartuko gara eta misiolaritza suspertzen ahalegina egingo dugu, Jesusen antzera", dio Atxegak.

Gainera topaketaren tokia Loiola izateak "zentzu berezia" duela esan du. "San Inazio hemengoa zen eta Xabierko Frantzisko bezala, misiolari ona izan zen".

Egitaraua

  • 10:30ean, herriko plazan ongietorria.
  • 11:00etan, Loiolara abiatuko dira. Esklabetan geldialdia egingo dute, “hausnarketarako” eta Loiolara bidea segituko dute berriz ere.
  • 12:30ean, Loiolan, Elizbarrutien aurkezpena abesti, antzerki eta abarren bitartez. Ondoren, bazkaria. Bakoitzak eramandako jatekoa elkarbanatu egingo dute.
  • 15:00etan, bost kontinenteen tailerrak. "Europari dagokionean, eta ikusita kutsadurarekin eta kontsumoarekin daukagun arazoa, lokotxaren jokoa egingo dugu. Lokotxak bildu beharrean, zaborra bildu eta edukiontzi ezberdinetara bota beharko dute".
  • 17:30ean, Misio Ospakizuna. "Behin elkar ezagutu, elkar hausnartu eta elkarrekin jolastu ondoren, topaketaren mezua bakoitzak bere esparruetara zabaltzea tokatzen da. Eta hori landuko da ospakizunean, musika, otoitz eta bestelakoen bitartez".