Iraurgi Lantzen Euskadi+Innova sarean sartu da, berrikuntza sustatzeko

Urola Kostako Hitza 2008ko api. 17a, 12:04
Eusko Jaurlaritzako Berrikuntza eta Energiako zuzendari Elena Gutierrez, Gipuzkoako Foru Aldundiko Berrikuntzarako eta Jakintzaren Gizarterako diputatu Jose Ramon Guridi, Iraurgi Lantzeneko presidente eta Azpeitiko alkate Iñaki Er

Hainbat erakunderen elkarlana bultzatuko du Urola Erdiko enpresetan berrikuntzaren kultura hedatu asmoz

Berrikuntza ulertzeko modu desberdinak daudela dio Errazkin Azpeitiko alkate eta Iraurgi Lantzeneko presidenteak, eta enpresa txiki eta ertainen lana goraipatu du

Kalitatearen aroa gaindituta, enpresek berrikuntzaren aroari ausardiaz ekiteko garaia da. Etorkizuneko erronka honi aurre egiteko asmoz sartu da Iraurgi Lantzen agentzia Euskadi+Innova sarean.

Hala, Eusko Jaurlaritzak, SPRIk, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Iraurgi Lantzenek atzo (asteazkena) sinatu zuten berrikuntza sustatzeko akordioa, Azkoitiko Insausti jauregian.

Euskadi+Innova ekimenak berrikuntzaren kultura lurralde osoan zehar zabaltzea du helburu, eskualde bakoitzean gertuko garapen agenteen bidez. “Lehen aldiz, sustapen ekonomikoan lanean ari diren Euskal Herriko agente eta erakunde guztiak sare bakar baten inguruan bildu dira eta helburu berdinarekin, gainera: Euskal Herria berrikuntza arloan Europako aitzindari izatea”, adierazi zuten atzoko aurkezpen ekitaldian. Eskualdeari dagokionez, Urola Kostako Udal Elkartea duela gutxi izendatu zuten Kosta bailaran berrikuntza sustatzeko agente.

Berrikuntzaren beharra

Gipuzkoako Foru Aldundiko Berrikuntzarako eta Jakintzaren Gizarterako diputatu Jose Ramon Guridik adierazi zuenez, “berrikuntza edozein neurriko enpresetan ezar daiteke. Erantzun baliagarriak dauzagunean, galdera berriak egiten jarraitzea da berrikuntza”, erantsi zuen.

Besteek ikusten ez dutena ikustean eta ausartak izatean datza berrikuntzak, Guridirentzat. Akatsengandik ikasi eta motibazioa sustatzen ahalegintzea gomendatu zien Insaustiko aurkezpenean bildutako enpresariei.

Berrikuntzaren bidean, erakundeen arteko elkarlana ezinbestekoa dela azpimarratu zuen Elena Gutierrezek, Eusko Jaurlaritzako Berrikuntza eta Energiako zuzendariak. “Berrikuntzaren bidean aplikatu daitezken osagaiak baditugu, baina ez dago eredurik, bidea egiteko dago”, esan zuen Gutierrezek.

Osagai horietatik garrantzitsuenetako bat pertsonak dira. Halaxe uste du SPRIko zuzendariorde Juanjo Dukek. “Pertsonak dira etengabeko aldaketa prozesu ororen agenteak”, azaldu zuen, “erakundeak ez baitira aldatzen pertsonak aldatu ezean”. Eskualdea dinamizatzen duten agenteen lidertzaren sokarekin bat egitera animatu zituen enpresari txiki eta ertainak. Horretarako, marketing-ean eta antolakuntzaren berrikuntzan lan egiteko gomendatu zien. “Bizirauteko, aurrera egiteko, zerbaitetan bakarrak izatea lortu beharra dago”, gaineratu zuen Dukek.

Iraurgi Lantzen agentziako ordezkariak ere berrikuntzaren garrantziaz aritu ziren atzoko aurkezpenean. Asier Aranbarri presidenteordearen hitzetan, “estrategia oinarriak argi izan behar ditugu eta horiei inguruari egokitzeko gaitasuna uztartu behar zaie”. Berrikuntza tresna bat dela eta enpresa ikuspegitik haratago, eskualdean aplikatu behar dela esan zuen Aranbarrik.

Iñaki Errazkinek, Iraurgi Lantzeneko presidenteak, enpresa txikiek eta ertainek orain arte egindako lana goraipatu zuen, “eskualdeko motorrak” izan direlako. Berrikuntza ulertzeko modu desberdinak daudela ere aipatu zuen Errazkinek, gizarte kohesioa eta herrigintza azpimarratuz, besteak beste.

Innova sarean sartuta, Iraurgi Lantzenek hainbat konpromiso hartu dituela azaldu zuen Errazkinek. Urola Erdiko agentziak Berrikuntza Agenda ezarriko die enpresei, baita metodologia berriak ezagutarazi, komunikazioa areagotu, foroak sortu eta adituen bitartez orientazioa eman ere.

Gero eta enpresa gehiago

Erakundeetako Akordioaren baitan sortu da Euskadi+Innova sarea; Eusko Jaurlaritzak eta hiru lurraldeetako Foru Aldundiek Enpresen Lehiakortasun eta Berrikuntza Sozialaren 2006-2009 Planaren garapenerako eta aplikaziorako bultzatutako akordioa da hori .

Orain arte 21 berrikuntza foro sortu dira Gipuzkoan, 315 enpresak parte hartu dute bertan eta hauetatik 108k jarri dute martxan euren Berrikuntza Agenda. Urola Erdiari dagokionez, oraingoz 30 enpresa bildu dira programa honen inguruan eta horietatik 25 inguruk parte hartzeko interesa azaldu dute. Urtean zehar beste talde bat ere bilduko dela aurreikusten du Iraurgi Lantzenek.

2008, Berrikuntzaren Urtea

Euskal Herria arlo guztietan gizarte berritzaile bilakatu dadin eraldaketa prozesua bultzatzeko Eusko Jaurlaritza lehendakari Juan Jose Ibarretxek 2008 Berrikuntzaren Urtea izendatu zuen, urtarrilean. “Helburua gizarte berritzaile bat izatearen beharraz kontzientzia hartzea da, pertsona, erakunde nahiz gizarte moduan eta berrikuntza gure ahalmenekin bat doan zerbait bezala bereganatzea, izan eta egiteko bide berriak bilatuz”, adierazi dute ekimenaren sustatzaileek.