Jardunaldi Feministetara joateko deia egin dute

Uztarria.eus 2008ko api. 8a, 12:04

Apirilaren 12 eta 13an Portugaleten egingo dira Euskal Herriko IV. Jardunaldi Feministak

Azpeitiko Bilgune Feministak herriko emakumeak animatu ditu saioetan parte-hartzera

Euskal Herriko IV. Jardunaldi Feministak ospatuko dira apirilaren 12 eta 13an Portugaleten (Bizkaia). Mugimendu feministak antolatu ditu jardunaldiak eta "emakume feministen topalekua" izatea dute helburu. Azpeitiko Bilgune Feministak herriko emakumeak animatu ditu saioetan parte-hartzera.

Bilgune Feministaren arabera, "esperientzien elkartrukerako espazioak sortu eta gai zehatzen inguruko hausnarketetan sakondu nahi da jardunaldietan". Ildo beretik, jardunaldi ofizialez gain, hainbat emakume gaztek beraiei zuzenean eragiten dieten gaiez espezifikoki hitz egiteko asanblada bat burutuko dute apirilaren 11, ostiralean. Bilboko Kukutza Gaztetxean izango da asanblada.

Herritik autobusak

Azpeitiko Bilgune Feministak autobusak antolatu ditu Azpeitiko emakumeak jardunaldietara joateko. Ostiraleko asanbladarako zein larunbat eta igandeko jardunaldietara joateko egongo dira autobusak. Bilgunetik jakinarazi dutenez, interesatuek aurrez izena ematea komeni da. Orkatz tabernan eman ahalko da izena, ostirala baino lehen.

Informazio gehiago www.jardunaldifeministak.org webgunean