EAJk EAE-ANVko karguen dimisioa eskatuko du, ETA ez gaitzesteagatik

Uztarria.com 2008ko api. 5a, 14:04

Iñigo Urkullu EBBko presidenteak gaur jakinarazi du ekimena

ANVko alkatea eta zinegotziak kargutik kentzea lortzen ez badute, zentsura mozioa sartzeko prest dago EAJ, baina beste alderdi baten babesa beharko du

EAE-ANVko alkate eta zinegotzien dimisioak eskatuko ditu EAJk, alderdi hark ez duelako ETAren azkeneko agiria gaitzetsi. Hala ziurtatu du gaur (larunbata) Iñigo Urkullu EAJko EBBko presidenteak. Jeltzaleek ETAren agiri hori gaitzesteko eskatu zien ANVko hautetsiei asteartean eta, gaitzetsi ezean, haien kontra egingo zutela iragarri zuten. Lehendabiziko neurria: dimisioa eskatzea.

Hala, EAJk mozioak aurkeztuko ditu orain udaletxeetan; Azpeitian tartean, pentsa daitekeenez. Bide horretatik ANVko alkate eta zinegotzi horiek kargutik kentzea lortzen ez badute, beste alderdiekin biltzen hasiko direla jakinarazi du Urkulluk, zentsura mozioak edo beste bide batzuk aztertzeko. "Era gradualean" egin nahi du EAJk ANVko hautetsien kontra, "pilota haren teilatuan uzteko".

Azpeitian ANVk, EAk eta Aralarrek osatutako udal gobernua dago iazko ekainetik, etra Iñaki Errazkin (ANV) da alkatea. Bederatzi zinegotzi dituzte haien artean (sei, bi eta bat, hurrenez hurren). EAJ da oposizioko talde bakarra (zortzi zinegotzi).