Herritarren ordezkaritza film laburren biran

Uztarria.eus 2008ko api. 3a, 15:04
Libe Aranburu azpeitiarra ezkerrean, 'Azken Trena' filmeko une batean.

Topaguneak antolatu duen Euskarazko Film Laburren Zirkuituan Libe Aranburu aktore azpeitiarra da protagonistetako bat

Azken Trena film laburreko aktore nagusietako bat da

"Egile eta formatu berrien aldeko apustua" egin du Topaguneak Euskarazko Film Laburren Zirkuituaren bosgarren urteko egitarauan. Euskara Elkarteen Federazioaren babesean, ekimenaren baitan, euskarazko hamar film labur ikusteko aukera izango da Euskal Herriko 38 herritan. Horien artean bada, ordea, azpeitiarron ordezkaritzarik. Libe Aranburu aktore azpeitiarra da zirkuituan sartuta dagoen film laburretako baten protagonista.

Aktore lanetan dabil Aranburu aspaldian. Aurrez, antzerkian aritu da batez ere, eta horretan segitzen du. Orain gutxi, hala ere, Gorka Zubeldiarekin batera, Azken Trena film laburreko aktore nagusietako bat izan da. Mikel Alvarez beasaindarrak zuzendutako filman "oso gustura" aritu dela dio.

"Esperientzia polita"

Eskoriatzan ikasten duten ikasle talde batek zuzendu du filma eta Aranbururen hitzetan, talde horretako ezagun baten deia jaso zuen egitasmoan parte-hartu nahi al zuen galdetuz. "Ez nuen behin ere film labur batean parte-hartu eta beraientzako ere lehen aldia zenez, denok geunden gauzak ikasi eta esperimentatzeko prest eta esperientzia polita izan da. Gainera, gidoia asko gustatu zitzaidan hasieratik".

Bizitzaren eta pertsonen arteko hauskortasunaz eta bidean geratzen diren aukera galduez hitz egiten du Azken Trena filmak. Aranburuk Eneritz, Azpeitiko neska lotsati xamarraren papera betetzen du filman eta berak azaldu duenez, "oso eroso" sentitu zen grabazioko uneetan.

Bukaerako produktuari dagokionez, berriz, "istorioa sinple izanik ere, indar handiz kontatzea lortu dela" dio. Ildo beretik, "pozik" dago, filma Topaguneak aukeratua izanagatik. "Jendeak ikusi du lan horretan gogoa eta ahalegina jarri dela eta aukeraketa hori lan horren errekonozimendu bat da, azken finean".

Zestoan apirilaren 10ean

Euskal Herriko 38 herritan ikusiko da film laburra beste bederatzirekin batera. Horien artean, Zestoa izango da zirkuituaren emanaldietarako adostutako herria. Danbolin Zulo elkarteak antolatuta datorren ostegunean, apirilaren 10ean izango da, Kultur Etxean, 20:30ean hasita.