Frantzesena: "Niri Musika Bandak lanbidea eman dit eta bizitza bete-betea"

Urola Kostako Hitza 2008ko api. 3a, 11:04
Jose Luis Frantzesena.

Txiki-txikitatik musikari lotua egon da eta Julian Barrenetxea abesbatzako eta Udal Musika Bandako zuzendaria izan da urte askoan

Larunbatean omenaldia egingo diote

Belaetxen jaio zen Jose Luis Frantzesena (Azpeitia, 1942), "gero Eliz kalean bizi nintzen eta ezkonduz gero Enparan gainean". Musikarako zaletasuna etxean jaso du. Aurrena eskolan hasi zen, gero taldez-talde jarraitu, eta 22 urtean Azpeitiko Udal Musika Bandako zuzendaria izan da, iazko saninazioetan agur esan zuen arte. Orduan erretiroa hartu zuen, eta harrezkero Unai Frantzesena, bere semea, arduratu da banda zuzentzeaz. Bandan erretiroa hartuta, baina lan eta lan ari da: Azkoitiko organo-jotzailea da, Esklabetan organo eskolak ematen ditu, organo eskola sortu nahian dabil eta "eskaerak" ditu. Hala ere, musika banda utzi zuenetik "ibiltzeko" denbora gehiago hartzen duela dio. Larunbatean omenaldia egingo diote Izarraitz pilotalekuan.

Musikarekiko zaletasuna etxean jaso duzu. Txikitatik, beraz, musikari lotua?

Etxean beti izan dugu musika. Gure aita soinu-jotzailea zen eta etxean senide guztiak jotzen dugu zerbait: txistua, gitarra... Beste batzuek abestu ere egiten dute. Iloba piloa dugu eta haiek ere musikariak dira asko. Musika familiako zerbait dugu, bai Belaetxe aldetik bai Nafarroa aldetik, gure aita nafarra baitzen.

Eta musika ikasten?

6-7 urterekin Julian Barrenetxearekin hasi nintzen solfeoa ikasten. Gero, 10 urterekin, Arantzazura joan nintzen. Han ondo nebilela ikasketetan eta pianoa ikasteko aukeratu ninduten. 12 urterako elizan jotzen nuen eta 13rekin Foruan organo-jotzaile titularra nintzen. Ondoren, txistua jotzen ibili nintzen Oargin. Barrenetxeari organoan laguntzen nion hil zen arte.

Gero, Ez Dok Amairun ere ibili zinen, ezta?

Ez Dok Amairu mugimendua sortu zenean ere hantxe ginen, bai. Lekuona apaizarekin hasi ginen; orduan teklatua erosi zidaten, neuk dirurik ez neukan eta. Euskaraz kantatzen zuen talde bat sortu genuen, baina gero bategatik eta besteagatik taldea desegin zen. Gogoan dut, Benito Lertxundi-eta gure etxean elkartzen ginela, Azkueren kantutegiak errepasatzen genituen kantu berriak ikasteko eta egiteko. Talde pila batean ibili ginen; Egan ere geuk sortu genuen.

Baina musikatik bizimodua ateratzeko aukerarik ba al zenuen?

Orduan ez zegoen musikatik bizitzerik, eta andragaia ere bagenuen eta... Musika utzi eta Muebles Loiolan saltzaile hasi nintzen. Horrelako batean, Valentzian feria batean nengoela, Jose Mari Bastida orduko alkatea eta Kepa Ibarzabal etorri zitzaizkidan Udal Musika Banda hartuko al nuen galdezka, banda oso baju zegoela eta. Orduan, mutil koskorrak bezala, kontserbatoriora ikastera. Solfeoko lau urte eta pianoko beste lau eginda nituen, eta gero organoko ikasketak egin nituen. Solfeoko bosgarren maila semearekin batera egin nuen; organoko ikasketak, berriz, zazpi urtekoak dira eta nik hamarrean egin nituen. Gero, Julian Barrenetxea abesbatza sortu eta 15-16 urtean han jardun nuen zuzendari. Azkoitiko organo-jotzaile izateko aukera sortu zitzaidanean abesbatza utzi egin nuen.

Musika Bandan hastea zer izan zen zuretzako?

Bandan zuzendari izateko musika asko jakin behar da. Aurretik zuzendaria izan zen Jose Mari Altuna nahiko ona zen, eta musikaz asko zekiena. Ni oso ausarta izan nintzen baietz esan nuenean, asko nekiela uste bainuen, eta ez nekien. Ikastera joan behar izan nuen. Oso polita izan da bandakoa, beste mundu bat. Musikan sartzea liberazioa izan da, baina lan ikaragarria. Ikasketak, Bandako lana eta abesbatza zuzentzea... egurra zen. Baina poliki-poliki, gogoarekin, dena ikasten da. Musika Bandak niri lanbide bat eman dit eta bizitza bete-betea. Ume asko ere pasatu da Bandaren akademiatik eta behar bezala erakutsi ote diezun beldurra gelditzen da barrenean, musika ikasteak diziplina eskatzen baitu.

Bandan zuzendutako lehen pieza gogoan al daukazu?

Bai, Santa Zezilia bezpera batean txistulariekin batera jo genuen Biribibilketa de Gainza, kalejiran.

Bandarekin bizi izandako momentu bat, inoiz ez duzuna ahaztuko, zein da?

Asko daude. Aktuazio politak egin ditugu Bandarekin. Bat aipatzekotan, Gipuzkoako Banden Federazioa Azpeitian sortu zen eta hemen, Zelaitxon, egin zen sorrerako jaialdia. Memento berezia izan zen. Zezenketetan ere egon dira memento bereziak: ikuskizuna gaizki joan eta Musika Bandak giroa jaso izan du. Ni izatez ez naiz zezenzalea, baina bertako giroa gustatzen zait. Memento onak asko bizi izan ditut, baina baita txarrak ere. Taldea batuta mantentzea, puskatu gabe, lan handia da.

Udal Musika Bandaren azken kontzertuan zer sentitu zenuen?

Dultzaineroak hasi zirenean... hunkitu egin nintzen, baita oraintxe ere une hura gogoan... Dultzaineroen musika berezia da eta ni makala naiz oso.

Banda utzi ondoren haren kontzerturik entzun al duzu?

Bai, bai. Desberdina da kanpotik entzutea. Kanpotik banda gustagarriagoa da, hobeto entzuten da.

Bandak jotzeko leku on bat zein da?

Agertokiak onak dira. Azpeitiko zezen-plazan ere oso ondo entzuten da. Bestea, leku oso ona, arbola azpia da. Loiolan 1991n kontzertu batzuek jo genituen eta zuhaitz azpian egindako kontzertuak oso onak ziren: akatsak denak entzuten dira, baina baita ondo jotakoak ere. Akustika ona dago.

Udaletxeko beste langile batzuekin batera, herriko jaietan-eta lan gehien egiten duzuenak Bandakoak zaretela esan al daiteke?

Hor ibili izan gara, bai. Kaleko gauza da Banda. Halere gauzak aldatu egin dira. Lehen musika gutxi zen eta orain, berriz, taldeak daude eta jende askok daki musikaz. Garai batean herrian Bandak garrantzia handia izan du. Oraindik ere badu, eta jende piloa dabil Bandan.

Beste herrietako Bandak ezagutzeko aukera ere izango zenuen, ezta?

Bai, lotura handia izan dugu bailarako banden eta Gipuzkoakoen artean. Gipuzkoako Musika Banden Federazioan idazkari ere egon nintzen.

Musikagile bezala ere herrirako pieza asko sortu dituzu...

Herrirako, eta baita herbesterako ere. Eskatu egin izan dizkidate eta ezetz esaten ez dakidanez... Inauterietarako pila, pasodobleak ere bai, sansebastinetako martxak... Orain jotzen ez diren piezak ere eginda ditut.

Musika Banda utzi zenuen, baina Azkoitian organoa jotzen jarraitzen duzu.

Azpeitian lehen organoa jotzen nuen, baina Azkoitian hasi nintzenean utzi egin nuen. Azkoitian Europako instrumenturik onena daukat. Horrek mundua asko irekitzen du, mundu mailako organo-jotzaileak etortzen direlako. Organo-jotzaile gutxi daude gaur egun eta orain organoa erakusten hasi gara Esklabetan, lau ikasleri. Musika Eskolarekin batera, organoa jotzen ikasteko eskola sortu nahi dugu, bailara mailakoa. Loli Oteiza organo-jotzailea ere proiektuan laguntzen ari da.

Azkoitian bakarrik ez, Azpeitiko auzo askotako festetara ere organoa jotzera joan ohi zara...

Bai, hala da. Elosiagara, Aratz Errekara, Matxinbentara... joaten gara. Polita da hori, horren aitzakian egunpasa polita egiten dugu. Gainera, Errezilen eta Goiatzen ere neuk jarduten dut organo-jotzaile, ezkontza askotan ere bai.

Musikako hainbat sari ere jaso dituzu zeuk sortutako piezekin: BBK Sari Nagusia, Baionako Kanta Berri...

Bai, baina nik jaso dudan sari garrantzitsuena Tolosan jaso nuen, nazioarte mailako saria zelako. Tximeleta piezarekin jaso nuen. Aurkeztutako txapelketetan zorte dezente izan dut.

Musikari lotutako eta bete gabe gelditu zaizun ametsen bat?

Ez heltzea nahi duzun lekura; badaude gauza batzuk... Nik baditut pieza batzuk gustura joko nituenak, baina ez gara gai izan. Izan ere, nahiago izan dut beti jotzen dena ondo jotzea, gauza zaila hartu eta ez iristea baino.

Larunbatean omenaldia jasoko duzu herrian.

Egin ez bazidaten zergatik ez ote didate egin esango nuke, eta egingo didaten honetan zergatik egiten didate galdetzen diot neure buruari. Azken batean, nik lan bat egin dut, baina nik bezalaxe beste askok ere beste lan bat egin dute.

Di-da batean

Musikari bat? Bach. Bestea, Brahms. Gainontzean, denak.

Berriz hasiko bazina, zer nolako musika? Jazza, gustatu egiten zait eta inprobisatzen badakit.

Instrumentu bat? Organoa.

Eta bandakoa den bat? Bonbardinoa.

Musika banda bat? Gipuzkoan onena Bergarakoa da.

Pieza bat? Euskalerria, Jose Francorena. Zaila da, ez dut lortu jotzerik.