Lau ikastaro berri antolatu dituzte Zapo Txokon

Urola Kostako Hitza 2008ko api. 2a, 12:04

Sukaldaritza, txalaparta, Linuxa eta gizarte trebetasunak izango dira ikastaroetan landuko dituzten gaiak

Hil honetan bertan hasi eta ekainera bitartean izango dira saioak

Datorren hiruhilerako lau ikastaro antolatu ditu Udaleko Gazteria Sailak, Zapo Txoko gaztelekuan. Hasiberrientzako sukaldaritza, txalaparta, GNU/Linuxera migratzeko ikastaroa eta "gizarte trebetasunak" jarri dituzte aukeran. Hil honetan bertan hasi eta ekainera bitartean izango dira saioak.

Gizarte trebetasunen inguruko ikastaroan datorren astelehena baino lehen eman behar da izena eta gainontzekoetan hilaren 11 aurretik, Zapo Txoko gaztelekuan.

Apirilean Linuxera migratzeko eta gizarte trebetasunen ikastaroak emango dituzte. Aurrena asteartetan eta ostegunetan izango da, 18:00etatik 21:00etara, GISA elkarteak emanda, eta 35 edo 30 euro kostatuko da. Bigarrena, aldiz, hilaren 8an, 9an eta 10ean izango da, Hezkide Eskolaren eskutik; ikastaroa doakoa da, eta Sindikatu Zaharrean emango dute.

Hasiberrientzako sukaldaritza ikastaroa, berriz, Ander Oruesagastik emango du, astelehenetan, 18:30etik 20:30era. Ikastaroan izena emateko 45 euro ordaindu behar dira; 40 euro gazte, ikasle edota langabetu txartelekin.

Txalaparta erakusten Unai Frantzesena jardungo da, ostegunetan, 18:00etatik 20:00etara. 40 euro kostatuko da; 35 euro gazte, ikasle edo langabetu txartelekin.