'Sexismoa komunikabideetan' ikastaroa apirilaren 3an hasiko da

Uztarria.eus 2008ko mar. 18a, 11:03

Kazetariei zuzendutako saioak izango dira eta maiatzaren 15erarteko ostegunetan izango da

Izen-ematea apirilaren 1ean bukatuko da

Udaleko Parekidetasun Sailak kazetariei zuzendutako ikastaroa antolatu du: sexismoa komunikabideetan. Edurne Epelde eta Amaia Alvarez-ek zuzenduko dute eta apirilaren 3an hasiko dira. Ostegunetan izango dira saioak, goizeko 10:00etatik 12:00etara eta hala jarraituko dute maiatzaren 15era arte. Sindikatu Zaharrean izango dira saio denak, doan izango da eta euskaraz egingo da.

Oinarrizko edukiak landuko dira ikastaroan, batetik: sexu-genero sistema, diskriminazioaren jatorria eta genero sozializazioa, besteak beste. Gero, hedabideetan emakumeak hartzen duen trataera landuko da eta genero perspektibak aztertuko dira. Edukiei jarraiki, emakumea kazetaritza informazioaren objektu eta subjektu gisa aztertuko da eta euskara ez sexista erabiltzeko gomendioak eskainiko dituzte.

Antolatzaileen arabera, metodologia "dinamiko eta parte-hartzailea" erabiliko da saioetan eta ikastaroaren edukiak ikaslearen hedabideetara moldatuko dira adibide praktikoak aztertu ahal izateko.

Izen-ematea apirilaren 1era arte

Interesatuentzako izen-emateko epea apirilaern 1era arte luzatu du Udaleko Parekidetasun Sailak. Ikastaroan parte-hartu nahi duenak 943 15 71 92 telefonora deitu beharko du izena emateko.