Behin batean bezala, erromeria Loiolako San Jose festetan

Uztarria.eus 2008ko mar. 13a, 12:03
Mikel Larrañaga, iazko biathloiko irabazlea.

Larunbatean ekingo diote festei loiolatarrek, Biatlhoiarekin

San Jose egunerako egun osoko egitaraua prestatu dute

Larunbatean, hilak 15, abiatuko dituzte Loiola auzoan San Jose festak. Azken urteetan hutsik egin ez duen probarekin hasiko dituzte festak loiolatarrek. Larunbatean bertan egingo dute VII. San Jose Sari Nagusia biathloia. 16:30ean ekingo diote parte hartzaileek lasterketari. Hamar kilometroko lasterketa izango da eta Loiolan emango zaio irteera. Izen-ematea egunean bertan egin beharko da, sei euroren truke.

Loiolako festak ez dira, ordea, horrekin bukatuko. Loiolatarrentzat San Jose eguna –martxoaren 19a, asteazkena- da festetako egunik garrantzitsuena. Egun osoko egitaraua prestatu dute ordurako. 12:00etan zezen txikiak eta poniak izango dira eta ordu bete geroago abiatuko da Loiolako festak hainbeste ezaugarritzen dituen asto lasterketa. 17:30ean, berriz, herri kirolak izango dira. Harri jasotzen Goenatxo II.a eta Aimar Irigoien ariko dira eta aizkoran, berriz, Donato Larretxea eta Angel Arrospide. Harri jasotzaileak harri errektangularrra, kubikoa eta bolarekin egingo dute proba eta aizkolariek hamar enbor kana-erdikoekin ebaki beharko dituzte. Egun osoan zehar Egurrola aita-semeen trikiti eta panderoek alaituko dute festa giroa.

Auzo afaria eta erromeria

Martxoaren 22an, larunbata, bukatuko dituzte festak. Egun horretan Loiolatxo elkartean auzo afaria egingo dute eta afalosterako erromeria antolatuta daukate dagoeneko. Antolatzaileek azaldu dute garai bateko berbena eta erromeria giro hura bukatu zela baina orain, beste era batera bada ere, bultzatu nahi izan dutela giro hura. Denak gonbidatuta daude afarira eta baita erromeriara ere, antolatzaileen esanetan.