"Oso balorazio positiboa" martxoaren 8aren harira

Uztarria.eus 2008ko mar. 12a, 13:03
Goiko argazkian, 'Feminismotik harreman berriak eraiki' lelopean martxoaren 8an egin zuten manifestazioa. Erdiko argazkian, txotxa Berdura Plazan eta behekoan, 'Bota pa' perkusio taldea.

Azpeitiko Bilgune Feministaren arabera, aste feminista "biribil" atera da

Herrian "feminismoaren inguruko sentsibilizazioa" badagoela ondorioztatua dute

Martxoaren 8a igaro berritan, Azpeitiko Bilgune Feminista "gustura" agertu da Emakumeen Nazioarteko Egunak herrian izan zuen erantzunarekin. "Oso balorazio positiboa egiten dugu. Manifestazioan 150 bat lagun elkartu ginen eta txotxean, berriz, 180 bat pertsonek parte hartu zuten". Datu horiek kontuan hartuta, "gustura" dago emakume taldea. Gero, Bota pa perkusio taldeak ere "giro ederra" sortu zuela gaineratu dute.

"Aste feminista ere biribil"

Aldarrikapen egunaz gain, hala ere, aste feminista egin zuten aurreko aste guztian zehar eta ekimen horietan ere herritarren erantzuna "ona" izan zela dio Bilgune Feministak. Martxoaren 7an, esaterako, irakaskuntzan egin zuten kontzentrazioan 100 ikasletik gora izan zirela esan dute. Ildo beretik, Zine Melita, Kurdistango emakumearen hitzaldiaren "aberastasunari" garrantzia eman diote emakumeek. "Hitzaldian jendearen parte-hartzeaz gain, oso aberatsa izan zen emakume hura Azpeitira ekartzea. Azken batean, bi errealitate desberdinetan bizi garela ikusi bagenuen ere, funtsean, lanean helburu edo oinarri berdinetatik ari garela ikusteko balio izan zigun. Biribil atera da".

Aurrera egiteko indarra

Herrian "feminismoaren inguruko sentsibilizazioa" badagoela ondorioztatu dute. "Horrek indarra eman digu aurrera segitzeko eta feminismotik harreman berriak eraikitzen jarraitzeko".