Landare inbaditzailearen kontra lanean

Urola Kostako Hitza 2008ko mar. 11a, 12:03
Eskuzta inguruan ere 'Reynoutria japonica'-ren kontra egingo dute.

Reynoutria Japonica landarea kendu eta haltza, sahatsa eta lizarra sartuko dituzte Eskuztan eta Loiolabidean

Udalekoen ustez, Reynoutriari aurre egiteko plana 4-5 urte ingurukoa izango da

Azpeitiko Udala Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean ari da Reynoutria Japonica landare inbaditzailea ibaiertzetik kentzeko eta bertako landarediarekin ordezkatzeko. Herriko bi tokitan jardungo dute landare horren kontra: Eskuztan eta igerilekutik Loiolara bitartean. Reynoutria-ren lekuan haltza, sahatsa eta lizarra zotzak sartuko dituzte.

.2006ko uztailean, Urola ibaiertzean Reynoutria landarea zenbateraino zabalduta zegoen jakiteko azterketa bat egiten hasi zen Udala. Udaleko Ingurumen teknikari Izaskun Zeziagaren hitzetan, "era berean ibaiertzeko landarediaren egoera aztertu" dute.

.2007 urtearen hasieran, landare inbaditzaileari nola aurre egin jakiteko diagnosi bat egin zuen enpresa batek Udalarentzako. Dena dela, Zeziagaren esanetan, "Reynoutria-ri kontra egitea zaila da, erraztasun handiarekin ugaltzen delako. Eraginkortasun handiz eragiteko erarik ez dago. Gerizpea egitea da onena, gerizpean ez delako ondo moldatzen".

Kontra egiteko moduak

Landare inbaditzaileei aurre egiteko moduak aztertu dituzte. Landarea moztu eta beste landare bat birlandatzea da modu mekanikoa. Produktu kimikoak ere erabili daitezke. Reynoutria-ri aurre egingo dion beste landare bat landatzea modu biologikoan aurre egitea litzateke. "Landare horren kasuan eraginkorra den produktu kimiko bat badago, baina kontu handiz erabili behar da, uretako ekosistemaren kontrakoa delako".

Udalak modu mekanikoan aurre egitea erabaki zuen, "baina ikaragarrizko aurrekontua ateratzen zen eta Aldundiarekin eta Jaurlaritzarekin harremanetan jarri ginen". Hala, Gipuzkoako Foru Aldundia duela bi urte Eskuztan, gasolindegiaren atzean, landare inbaditzailearen kontra probak egiten hasi zen, era mekanikoan eta kimikoan, biekin batera. Udalak, landare horren aurka egiteko erakutsitako interesagatik eta Ikasberri Azpeitiko Ikastolako ikasle batzuk egindako lanaren emaitzak eta ondorioak jaso dituztela eta, Azpeitian lan egiteko prest azaldu da Gipuzkoako Foru Aldundia.

Aurten, Eskuztan eta igerilekutik Loiolara bitartean jardungo dute lanean. "Igerilekutik Loiolara bitarteko ibaiertza berreskuratu nahi du Udalak. Martin arrantzalea eta ur-zozoa ere badabil inguru horretan; hori ur kalitatearen adierazle da", dio Zeziagak. Udalekoen ustez, Reynoutria-ri aurre egiteko plana 4-5 urte ingurukoa izango da.