Zorroztailearen bisitaldiak

Urola Kostako Hitza 2008ko mar. 11a, 11:03
Romulo Gonzalez, ostiralean, Azpeitiko Erdi kalean aritu zen lanean.

Romulo Gonzalez zorroztailea noizean behin etortzen da herrira lana emango dioten bezeroen bila

"Bezeroak gero eta urriagoak dira, eta inork ez du nahi ofizioa ikasterik" dio

.17 urte zituela ikasi zuen lanbidea Romulo Gonzalezek. Galizian bizi zen garai hartan eta bere osabak eta lehengusuek horrela irabazten zuten bizimodua. Txorroskileroa edo zorroztaile da Romulo, eta gaur egun Soraluzen bizi da. Hilean behin-edo Azpeitiko kaleetan ikus daiteke, lanean.

Soraluzera iritsi zenean 24urte beteak zituen. Bertako enpresa batean hasi zen lanean, zorroztaile tresnak alde batera utzita. Baina enpresak porrot egin zuen eta gaztetan ikasitako lanbideari eutsi zion berriro Romulok.

Ordutik, egunero goizetan aritzen da Gipuzkoako eta Bizkaiko herrietan barrena bezeroen bila. Motorrean bidaiatzen du eta motorra da bere bulegoa. "Neguan gogorra izaten da, baina udan ere ez da oso samurra izaten askotan", dio txorroskileroak. Bezeroak gero eta urriagoak dira, eta inork ez du nahi ofizioa ikasterik.

Eskuz egindakoa, hobea

Profesionalek (harakinek, sukaldariek...) erabiltzen dituzte Romulo Gonzalezen zerbitzuak. "Gero eta gehiago zorrozteko makina elektrikoak erabiltzen ditu jendeak labanak eta guraizeak zorrozteko", dio Gonzalezek. Baina emaitza ez omen da berdina. "Ezin da alderatu harriarekin eta leungailuarekin lortzen den zorrozketa", dio segurantza osoz.