Uztarriak eta Udalak komunikazio hitzarmena sinatu dute, aurrekoari jarraipena emanez

Uztarria.eus | Komunikabideak | Artikulua
2008-03-07 13:03

Akordioa legealdikoa da; 2000n eta 2004an ere sinatu zuten

Udalak dio aldizkaria, weba eta produktuak "herrirako onuragarriak" direla

Laxaro Azkune Uztarriako lehendakaria eta Iñaki Errazkin, gaur, udaletxean. (Urola Kostako Hitza)  Argazki originala

Uztarria Kultur Koordinakundeak eta Azpeitiko Udalak 2008-2011 legealdiko komunikazio hitzarmena sinatu dute gaur (ostirala), udaletxean. Laxaro Azkune Uztarriako lehendakariak eta Iñaki Errazkin alkateak izenpetu dute. Udalak ostegunean erabaki zuen ofizialki hitzarmena egitea, udalbatzarrean; alderdi denek alde bozkatu zuten.

.2000an sinatu zuten komunikazioko lehen hitzarmena, legealdikoa. 2004an sinatu zuten berriro, atzera legealdikoa. Oraingo hau, beraz, jarraipenekoa da. Herri aldizkaria, uztarria.com webgunea eta produktuak (liburuak...) argitaratzen ditu elkarteak, eta Udalak argitalpen horiek "herrirako onuragarriak" izan daitezkeela uste du.

Uztarriak, orain arte egin bezala, inpartzialtasuna gordetzen saiatuko dela dio, eta "herritar guztiei irekita" egongo dela. Bi erakundeek Jarraipen Batzordea osatuko dute (2000tik dute).

Uztarriak 2008rako komunikazio arloan 125.830 euroko aurrekontua dauka, eta Udalak 32.400 euro emango dizkio —aurreko hitzarmenean baino sei mila euro gehiago—. Uztarriaren aurtengo aurrekontuaren %25,7 da, hain zuzen, kopuru hori. Aurreko hitzarmenean —2004ko kopuruen arabera—, %28,8 eman zion. Udalak urtero KPI gehituko dio laguntzari —orain arte hori ez zen aplikatzen—. Uztarria "gustura" dago, bere eskakizunak jaso egin dituelako Udalak.

Akordioaren arabera, Udalak berak argitaratutako produktuak (liburuak, batik bat) Uztarriari formatu digitalean emango dizkio, honek bere webean Azpeitia zerbitzu atalean jartzeko bertako informazioa.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa