Apirilaren 4an zozkatuko dituzte Etxebeltz-Izarrako babes ofizialeko 154 etxebizitza

Urola Kostako Hitza 2008ko mar. 6a, 14:03

Lehen faseko zozketa 18:00etan izango da, kiroldegian

Udaleko arduradunek prentsaurrekoa emango dute datorren asteartean (martxoak 11), gaiaren inguruko argibideak emateko

Udaleko arduradunek jakinarazi dutenez, Etxebeltz-Izarran egingo dituzten babes ofizialeko 154 etxebizitzaren zozketa apirilaren 4an izango da, 18:00etan, kiroldegian. Lehen zozketan, toki horretan lehen fasean eraikiko dituzten babes ofizialeko etxebizitzak sartuko dira, hau da 154. Bigarren fasekoak gainontzeko 54 etxebizitzak dira.

Etxebeltz-Izarran babes ofizialeko 208 etxe egingo dituzte, bi txandatan. Babes ofizialeko etxebizitza horietarako 800 lagunek eman zuten izena eta horietatik 559 izan ziren behin-behinean onartutakoak.

Iaz, abenduan IƱaki Errazkin (EAE) alkateak jakinarazi zuenez, Etxebeltz-Izarran "ahalik eta kudeaketa onena" egiten saiatuko da, "Etxebeltz-Izarran egingo diren babes ofizialeko etxebizitzak etxejabeei baldintza onenetan eman ahal izateko". Orduan, promotore edo lurjabeen eskutik proiektu zehatza jasotzeko zegoen Udala eta hala zioenUdalak, "proiektua jasotzen dugunean lurjabeekin negoziatu beharko dugu". Udalaren nahia, lurjabeekin "ahalik eta akordio hoberena" lortzea zela azaldu zuen.

Udala herriko beste toki batzuetan ere udal babeseko, babes ofizialeko eta alokairu sozialeko etxebizitzak egiten ari da. Baina aurren-aurrena Etxebeltz-Izarrako babes ofizialeko etxeak zozkatuko ditu eta ondoren izango da gainontzeko etxeen txanda Udaleko arduradunek gaur (osteguna) jakinarazi dutenez. Asteartean prentsaurrekoa emango dute argibide gehiago emanez.

(Etxebizitzen inguruko informazio gehiago azpeitia.net-en)

(Albiste zaharragoak)