Bigarren mailatik lehen lerrora

Urola Kostako Hitza 2008ko mar. 6a, 10:03
Zine Melita kazetari kurdu-alemaniarra erdian, asteartean, Azpeitian.

Zine Melita kazetari kurdu-alemaniarra izan da Azpeitian Emakumearen Astearen ekimenetako batean hizlari

Melitak Kurdistango emakumeez jardun du

Emakumearen Nazioarteko Egunaren inguruan antolatutako astearen baitan Zine Melita kazetari kurdu-alemaniarra izan zen solasean, herenegun Sindikatu Zaharrean. Herri kurduaren egoerari eta emakumeen bizi baldintzei buruz hitz egiten jardun zuen.

Azpeitiko Emakumeen Taldeko Maite Segurolak aurkeztu zuen Melita. Alemanian bizi den emakume kurdua da, kazetaria da lanbidez eta Yeni Ozgur Politika (Politika Aske Berria) egunkarian, Europan kurdueraz argitaratzen den bakarrean, egiten du lan. 60 langile ditu egunkariak eta 10.000 irakurle inguru. Ozgur Politika 2005ean Gobernu alemaniarrak itxi egin zuen PKK Kurdistango langileen alderdiarekin lotuta zegoela eta hari propaganda egiten ziola esanaz. Ondoren, epaiketa egin eta irabazi egin zuen egunkariak.

.40 milioi biztanle dituen nazioa da Kurdistan Melitaren esanetan, "munduko estaturik gabeko naziorik handiena da. Mesopotamiako biztanleriarik zaharrenetakoa da eta lau estatutan banatuta dago, gehiengoa Turkian bizi da, baina Iran, Irak eta Sirian ere badaude kurduak".

"Kurdistan klanetan banatuta dago eta borroka aurrera ematea zailagoa da lau estatutan banatuta dagoelako", azaldu zuen Melitak. Kurduen altxamenduak asko izan direla, baina garrantzitsuena PKKrena izan dela esan zuen, "Turkiako askapen mugimendurik handiena PKK izan da eta altxamendu nazionala deitzekotan PKKkoari deituko genioke".

Kurduen %70-80 musulmana dela zehaztu zuen Melitak, azalpenekin jarraituz: "Gizarte feudala da, klaseetan banatutakoa eta leku hoietan emakumeak ez du eskubide handirik. Ohorea oso garrantzitsua da eta ohorea zikintzen bada, zer hobe pertsona hori hiltzea baino; ohorea berriro garbitzeko".

PKK 1978. urtean sortu zuten ikasle kurduek eta emakumeek hasieratik hartu dute parte. "Hasieran bigarren mailako lana egiten, arropak garbitu edota janaria egiten. Askapen mugimendua patriarkala zen. Beraien borroka bakarra lurra zen. Gero, ordea, borroka ideologiko bat hasi zen eta beraiek eraikiko zuten lur horretan gizarte berri bat sortu beharko zela esaten zuten. Orduan zioten gizarte hori ez zela librea izango emakumea libre izan arte". Gaur egun emakumeak toki garrantzitsuagoa betetzen du PPKn. Gaur egun, herri kurduaren eskubideen alde egingo duen konfederazio baten alde ari direla borrokan azaldu zuen hizlariak, solasaldira joandakoen galderei erantzunez.