Igande honetan udal hauteskundeak Hazparnen

Uztarria.com 2008ko mar. 6a, 14:03
Jacques Coumet Hazparneko alkatea.

Jacques Coumet frantziar nazionalista kontserbadorea erretiratu egingo da, 1970etik alkatetzan egon ondoren

Abertzaleak Beñat Intxausperen zerrendan sartu dira

Igande honetan —martxoak 9— Hazparnen (Lapurdi) ere hauteskundeak izango dira: Udalekoak. Azpeitia eta Hazparne senidetuta daude 80ko hamarkadatik

.27 zinegotzi izango dituzte jokoan, eta alkate berria aukeratuko dute, Jacques Coumet frantziar nazionalista kontserbadorea erretiratu egingo delako, 1970ko hamarkadatik alkatetzan egon ondoren. UMP alderdiko kidea da hura, Nicolas Sarkozy Frantziako presidentearen alderdikoa.

Beñat Intxauspe (hautagaitza irekia) eta Jean Ondarts (eskuina) izango dira hautagai nagusiak Hazparnen igandean. Abertzaleak Intxausperen zerrendan sartu dira. Beraz, ez dute hautagaitza propioa sortu, aurrekoan ez bezala. 2001eko udal bozetan abertzaleek %11,2 (378 boto) lortu zuten. Hazparnen 5.500 lagun bizi dira.

Coumeti kritikak

Euskaltzaleek eta abertzaleek ez dute batere ongi ikusten Coumet gaurko auzapeza. Xarlo Etxezaharreta hautetsi ohi abertzaleak esana: “Kalte handia egin du Coumetek. Ez da herriarentzat ari, beretzat baizik ez. Gaizkile bat da Hazparnen. Demagogia, anbizioa gainezka. Hazparnek hogei urte galdu ditu harengatik”. Hazparneko Ikastolako guraso batzuek: “Bera izan daiteke ez Ipar Euskal Herriko, baizik eta Euskal Herri osoko auzapezik kontserbadoreenetakoa”.

Coumet izan da urteetan eta urteetan Hazparne herriko eta kantonamenduko jaun eta jabea (Donamartiri, Donostiri, Lekorne, Lekuine, Makea, Meaine eta Hazparnek osatzen dute bailara). Esaterako, kantonamenduko kontseilari nagusi 31 urte egin zituen, 2004ko hauteskundeetan Beñat Intxauspek (UDF) irabazi zion arte. Igandean Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako kantonamendu erdietan bozak izango dituzte; Hazparnekoan ez oraingoan, berriro lau urte barru baizik.

Hauteskunde sistema

Bi buelta izango dituzte hauteskundeetan. Igande honetan aurrena, eta hurrengoan bigarrena. Bigarren itzulira, aurrenekoan gutxienez botoen %10 lortzen dituztenak pasatuko dira.

Bigarren itzuliaren ondoren, zinegotzi banaketa ez da proportzionatua izaten. Hau da, bigarren igandean bozkatuenak gutxienez %35 lortzen badu, zinegotzi kopuruaren erdia gehi bat beretzat izango dira, baita beste zinegotzi kopuruaren %35 ere.