Bazen behin herria Munoaundin

Urola Kostako Hitza 2008ko mar. 5a, 10:03
Burdin Aroko harresia duen herrixka Munoandin dago, Txalintxoko tontorretik gertu. Iaz, bertan indusketak egiten.

Azkoitia eta Azpeitia artean Burdin Aroko herrixka baten aztarnak aurkitu dituzte eta indusketak egiten ari dira bertan

Iaz egin zituzten lehen lanak eta uda honetan ere jarraitzeko asmoa dute

Azkoitia eta Azpeitia herrien artean, Txalintxoko mendi tontorretik gertu, Burdin Aroko herrixka baten arrastoak daude Munoaundin , harresiz ingurutakoa. Aztarnategiko lehen katak 1995ean egin zituzten eta iaz talde batek indusketak egin zituen. Aurtengo udan ere indusketak egiteko proiektua egin du Aranzadi Zientzia Elkarteko Historiaurreko Arkeologia sailak. Aztarnategiko indusketen arduradun Sonia San Jose arkeologoak egin du proiektua.

Munoaundin lehen azterketak edota katak egin zituztenean, orain dela 2.800-2.500 urteko bi elementu aurkitu zituzten Aranzadikoek: bata brontzezko pisua da eta bestea fibula bat. "Brontzezko pisua, garai horretako elementuen artean Gipuzkoan aurkitutako aztarna zaharrenetakoa da. Horren bidez dakigu salerosketa egiten zutela. Fibula, arropan erabiltzen zuten orratz modukoa da", kontatzen du Jesus Agirrek, Iraurgi Lantzeneko arduradunak.

Aurten egingo dituzten indusketen proiektuak 32.810 euroko aurrekontua du. Munoaundiko indusketa diruz lagunduko dute Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultur Ondare zuzendaritzak eta Azkoitiko eta Azpeitiko udalek, Iraurgi Lantzenek sustatuta.

Atearen inguruan

Iaz, uztailean, hilabetez hogei bat lagunek jardun zuten Munoaundiko aztarnategiko indusketan. Harresitutako herrixkaren atean jardun zuten lanean. "Aranzadikoek herrixka nola izan zitekeen irudikatuz mapa bat eginda daukate eta atea egon omen zen lekuan jardun genuen", dio indusketan parte hartu zuen Joxin Iturriotz azpeitiarrak.

Lau astez txandaka jardun zuten lanean: "Erdiak kanpotik etorritakoak ziren eta beste erdiak Euskal Herrikoak ginen; azpeitiarrak lau".

Burdin Aroko beste herrixka batzuk ere katalogatuta dituzte Aranzadikoek, hala kontatzen du Iturriotzek, "harresitutako dozena bat herri badaude. Hemen inguruan Elgoibarren dago bat, beste bat Errezil-Bidani artean. Gainontzekoak, berriz, Intxur, Basagain, Boluntxon... daude".

Indusketen bidez gauza asko ikasten dela dio Iturriotzek. "Garai hartan nola bizi ziren eta etxebizitzak nolakoak ziren aztertzen da. Intxurren, esaterako, bi etxebizitza nolakoak diren nahiko garbi ikusten da: sua, biltokia... Munoaundin harresian jardun ginen lanean. Herriak harresia baldin bazeukan, norbaitengandik babesteko izango zen".

Nola bizi ziren arrastoren batzuk badituzte, baina non hilobiratzen zituzten ez dakite. "Euskal Herrian, Burdin Aroan, nola bizi ziren zerbait badakigu, herrixkak badauzkagu, baina nekropolirik ez dago, ez dakigu non hilobiratzen zituzten. Aldiz, Neolitiko bukaera eta Brontze Aroan non bizi ziren ez dakigu, baina bai non hilobiratzen zituzten. Hor ditugu cromlechak edota harrespilak".

Munoaundiko Burdin Aroko herrixkaren azterketa sustatzen ari da Iraurgi Lantzen eta horretarako baliabide teknikoak Aranzadik jartzen ditu. Aurtengo udan ere harresiaren inguruan jarraitu nahi dute indusketak egiten. "Atea dirudien harri piloa hobeto aztertu nahi da aurten, harresiaren gune inportantea delako. Etxeen inguruan zer aurkitu ere jardungo dute lanean", dio Iraurgi Lantzeneko Agirrek.

Ezagutarazteko asmoa

Iraurgi Lantzenekoek Munoaundi ezagutzera ere eman nahi dute Azkoitiko eta Azpeitiko herritarren artean: "Herritarrek Munoaundiko herrixka ezagutu dezaten kanpaina bat egiteko asmoa dugu: noiz aurkitu zuten, noizko aztarnak diren, zer aurkitu duten bertan...". Bestetik, ikasleei zuzendutako materiala ere prestatu nahi dute.

Bitartean, Munoaundin zen herrixkan nola bizi ziren jakin nahian lanean jarraituko dute, Iturriotzen esanetan. "Sei urtetako proiektua da eta aurten bigarren indusketa egingo dute", dio Iturriotzek.