Aro bat bukatu da, bestea hasi

Uztarria Kultur Koordinakundea 2008ko mar. 8a, 14:03
Jende ugari bildu da gaur, larunbata, eguerdian egin duten ekitaldian.

Gaur egun Azpeitian badaude bilguneak eta proiektu estrategikoak, eta Uztarriak kultur koordinakunde egiturari bukaera eman dio

Hamar urte egin ditu, eta Euskara eta Kultura mahaien garaia da orain; Uztarriak Komunikazio Talde bezala baino ez du segituko

Ikusi aldizkari monografikoa (pdf, 3Mb) eta bideoa

Bukatu du Uztarria Kultur Koordinakundeak bere egitekoa, sortu eta hamar urtera. Helburuak beteta, barne gogoeta zabal baten ondoren bukaera eman dio koordinakunde egiturari, eta gaur (larunbata) egin du publiko hori, Betharrametan 12:30etik aurrera egindako ekitaldian. Jende andana bildu da: kultur taldeetako kideak, euskalgintzakoak, gizarte eragileetakoak, udal ordezkariak, sindikatuetakoak, ikastetxeetakoak, Uztarriako bazkideak... Beste bilgune batzuen txanda da orain.

Uztarriak, hamar urteko ibilbidearen eta erabakiaren berri herrian zabaltzeko, hamasei orrialdeko aldizkari monografikoa banatuko du gaur Azpeitian osoan —ekitaldian ere banatu ditu aleak— eta uztarria.com-en bideoa jarri du —ekitaldian ere bota du—.

Laxaro Azkune Uztarriako lehendakariak eragile denei eskerrak eman dizkie gaurko ekitaldian.

Uztarria Kultur Koordinakundearen sorrera. 1998

Azpeitiko euskara eta kultur taldeek Uztarria Kultur Koordinakundea sortu zuten 1998ko martxoan. Euskara, Kultura eta Komunikazioa hartu zituen lan arlo elkarteak.

1998ko egoera

Azpeitian egoera minimoaren azpikoa zen 1998an arlo horietan.

Euskara. Normalizazio planik ez zegoen, teknikaririk ere ez, Udal Euskara Patronatu edo Batzorderik ez, euskara elkarterik ez...
Kultura. Kultur etxerik ere ez zegoen.
Komunikazioa. Herri aldizkaririk ere ez.
Bilguneak. Horretaz gain, taldeen bilgunerik eta hauen eta Udalaren arteko espaziorik ere ez zegoen.

Proiektu estrategikoak

Uztarriak sorreratik aipatu zuen proiektu estrategikoen beharra.

Euskara. Normalizaziorako plangintzak.
Kultura. Kultur azpiegitura garrantzitsuak, balioanitzak.
Komunikazioa. Euskarazko komunikabideak.
Bilguneak. Horrekin batera, parte-hartze zabalaren aldeko aldarria ere egin genuen hasieratik: taldeen beharra eta protagonismoa parte-hartzean / erabakietan, Udalarekin elkarlana, gizarte eragileen beharra.

2008ko egoera

Denon lanari esker, hamar urtean Euskara, Kultura eta Komunikazioa arloetan egoera asko aldatu da, hobera egin da, oinarrizko baliabideak badaude.

Euskara. Bi normalizazio plan daude (Udalaren Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia eta Kontseilua-Uztarriaren Bai Euskarari; 2004an bat eginda egon ziren plan horiek, eta martxoaren 7an berriro akordioa sinatu da), oinarrizko baliabideak daude (Udal Euskara Patronatua...), Kontseilua Uztarria-Euskararekin (lehen, Baite Euskara Elkartearekin) elkarlanean ari da, kontzientziazioan pausoak eman dira...
Kultura. Soreasu kultur gunea egiten ari dira (ikusentzuneko ekitaldi handientzat izango da, batik bat), San Agustinpe kultur gunea bukatzen ari dira (formatu txikiko kultur espresioentzat izango da, batez ere; eta obretan egokitzapen garrantzitsuak egin berri dira)... Kultur Agenda ere hor dago.
Komunikazioa. Herri aldizkaria dago (Uztarria), herri weba (www.uztarria.com), eskualdeko egunkaria (Urola Kostako Hitza)... Euskaraz. Liburuak ere dagoeneko euskaraz argitaratzen dira, batik bat.
Bilguneak. Horretaz aparte, bilguneak edo espazioak zabaldu egin dira: Euskararen Aholku Batzordea sortu da azkeneko urteetan (honen Talde Eragilea sortu da), eta Kultur Mahaia eta honen Talde Eragilea ere sortu dira. Udalak eta herriko talde-erakundeek hartzen dute parte, eta norbanakoek ere bai. Guztiak baitira ezinbesteko. Komunikazioan Uztarriak eta Udalak Jarraipen Batzordea daukate 2000tik.

Ondorioz

Denon artean lortu da arlo estrategikoetan sartzea herritarrak, taldeak, enpresak, erakundeak, Udala... Gaur badaude oinarrizko plataformak, etorkizuna eraikitzeko zutabeak: proiektuak, baliabideak, bilguneak. Uztarria hori lortzeko sortu genuen.

Orain, lehentasuna

Herri bilguneak zabaldu egin direnez, orain horietan jarri behar da indarra, hortik janzteko proiektuak. Bilgune horien aroa hasia da.

Beraz, erabakia

Aurreko guztia azaldu ondoren, Uztarriak erabaki hau hartu du:
- Euskara, Kultura eta Komunikazioak beste antolaketa bat izatea herrian.
- Arloak independenteak izatea.
- Arlo bakoitzak bere egitura edukitzea.
- Uztarria Kultur Koordinakundeak gaurko egiturari bukaera ematea.
- Uztarriak komunikabideekin segitzea, eta elkartea hemendik aurrera Komunikazio Taldea izatea (herri aldizkaria, weba, Urola Kostako Hitza, produktuak; gaurko bazkideak horkoak izango dira). Beste arloetako egitasmoak (Bai Euskarari Ziurtagiria...), euren arloetako taldeen esku.

----

Ohar batzuk

Barne gogoeta. Uztarriako talde eragileetako kideek 2007ko urtarrilean hasi zuten gogoeta hau. Ondoren, koordinakundeko taldeek eta bazkideek ere hartu dute parte: taldeek 2008ko otsailaren 13ko batzarrean aho batez onartu zuten Uztarriak koordinakunde izateari uzteko proposamena eta bazkideek gauza bera egin zuten 2008ko otsailaren 27ko ezohiko batzarrean.

Aurrera begirako erronka nagusiak. Uztarriaren ustez:
- Euskara. Euskara elkartea sortu, herrian euskararen aldeko giroa sortzeko. Lehengo Baite-ren antzekoa.
- Kultura. Soreasu edo San Agustinpe kultur gune dinamikoa, eguneroko erreferentzia bihurtu. Uztarriak egina du proposamena.
- Komunikazioa. Urola Kostan euskarazko komunikabideak egunerokoetan oinarritu: egunkaria eta telebista (eta herri webak). Gogoeta egin beharra dago; Uztarriak Urola Kostako Hitza-n azaldu izan du proposamena. Bitartean, Hitza-ren eta Erlo Telebistaren artean lankidetza progresiboarekin hasi.

Uztarriaren kronologia. Ikusi hemen.

Eskerrik asko denoi... eta segi aurrera!

2008ko martxoaren 8an, Azpeitian, Uztarria Kultur Koordinakundea