Urtegia iaz adina beteta aurten ere

Urola Kostako Hitza 2008ko ots. 29a, 12:02
Nuarbeko Ibai Eder urtegia atzo Beizamarako errepidetik ikusita.

2007ko otsailean %58 zegoen beteta Ibai Eder urtegia eta aurten ere antzera dago, %57,83

Aurrerantzean egiten duen eguraldiaren arabera, oraindik ere gorabehera handiak izan ditzake Nuarben dagoen urtegiak.

Euri gutxi egin duela aurtengo neguan, "lehor" dagoela. Horixe entzun da batzuen ahotik. Beste baserritar batek "kalekumeen kontuak" direla zioen, oraindik lehorterik ez dagoela esanez. Nuarbeko Ibai Eder urtegia iaz garai honetan zegoen neurrian dago beteta: %57,83an zegoen astelehenean (otsailak 25), 212,48ko kotan. Iaz, berriz, otsailaren 22an %58,22 zegoen beteta, 212,60ko kotan.

Nuarbeko urtegiak 11,3 hektometro hartzen ditu eta Azpeitia, Azkoitia, Zestoa, Zumaia, Getaria, Zarautz eta Orio hornitzen ditu; 65.308 herritar alegia. Joan den urtean, Ibai Eder urtegia baxu egon zen, inoiz ez bezala: urtarrilaren bukaeran %32,39 beteta. 2006ko urtarrilean, berriz, egoera oso bestelakoa zen, ura ia goraino zegoelako: %91,4. Orduan, ur jasak eta elurra egin zituen, eta elurra azkar urtzearen ondorioz Ibai Ederko ur maila igo egin zen.

Iaz, Nuarbeko ur biltegiko kontuak nabarmen aldatu ziren hilabeteren buruan. Otsailean beheko mailan zegoen urtegia eta martxoaren 27an, aldiz, Nuarbeko urtegia %100 beteta zegoen eta hustu egin behar izan zuten. Hormako bi balbuletako batetik segundoko lau mila litro ur ponpatu zituzten, uraren maila bi metro jaitsi arte. Urtegia bete izana orduan egin zuen eurien eta elurteen ondorioa izan zen. Bi elurte egin zituen 2007an, bata urtarrilaren bukaeran eta bigarrena martxoaren bukaera aldera.

Beraz, oraindik ere udarako ur erreserbak izateko urtegiak betetzeko aukera izan dezake. Euria egiten hasi da behintzat.