Parrokiako oharra. Ostiral Santuz ospatu ohi den prozesioari buruz

Kepa Susperregi 2008ko ots. 29a, 12:02

Ostiral Santu eguneko prozesioa "beheraka" doala dio Kepa Susperregi, Azpeitiko erretoreak

Horren aurrean, "norbait prest bada, Parrokira joan eta harremanetan jartzeko" eskatu die herritarrei

Jakina denez, Aste Santuan zehar izaten ditugun otoitz ekitaldi eta elizkizunen artean, Ostiral Santu egunez, arratsaldeko elizkizuna amaitu ondoren, prozesioa ere egiten dugu.

Prozesioa aurrera ateratzeko ezinbestekoa izan ohi da hainbat lagunen lana. Horien artean, kalera atera ohi ditugun irudi desberdinak prestatzen dituzten lagunen lana; Larunbat Santu goizez, irudiak eta jantziak zuzendu eta gordetzen dituzten lagunen lana; prozesioan bertan parte hartuz, irudiak, gurutzeak,... eramaten dituzten lagunen laguntza; Parrokiko Koruaren parte-hartzea; Herriko Musika Bandak, musika joaz, eskaintzen digun laguntza eta babesa.

Azken urteotan, ezin dugu ukatu, poliki-poliki, ahultasunak jo gaitu. Horren ondorioz, jende gutxixeagok hartzen du parte prozesioan bertan. Apaizak ere gutxitu egin gara, kalera ateratzen diren irudien kopurua ere murriztu egin da...

Guzti hori gutxi ez balitz, gaur egun beste zailtasun bat dugu aurrez aurre: orain arte, Aste Santu aurretik irudiak, gurutzeak, jantziak eta abarrak prestatzen, eta Larunbat Santu goizez denak bildu eta jasotzen zituen lagun taldea murriztu egin zaigu.

Horixe da ohartxo honen bidez azaldu nahi genukeena, egoeraren berri emanez, batetik. Eta, laguntzeko asmo eta aukerarik izanez gero, norbait prest bada, Parrokiara jo eta gurekin harremanetan jar dadila eskatuz, bestetik.

Kepa Susperregi. Azpeitia.