Bertso pasadizoen bilduma

Uztarria.eus 2008ko mar. 1a, 14:03
Joxe Lizaso, Joxe Agirre, Juan Jose Loidi-Saletxe, Kepa Urbieta, Aitor Bengoetxea, Laxaro Azkune eta Arantxa Aldalur, gaurko agerraldian.

Kepa Urbietak Oroitarri liburua aurkeztu du gaur (larunbata); herriko bertsolariek eta gai-jartzaileek kontatutako 140 pasarte bildu ditu

Uztarria Kultur Koordinakundeak argitaratu du; bere 13. produktua da

Beste liburu bat aurkeztu du gaur (larunbata) Uztarria Kultur Koordinakundeak: Oroitarri. Kepa Urbietak idatzi du, eta Azpeitiko eta gertuko bertsolariek eta gai-jartzaileek bizitako pasadizoak daude bilduta bertan.

"Bertsolaritzaren bestaldea" jaso nahi izan du Urbietak "bertsolariaren / gai-jartzailearen begietatik eta bihotzetik. Ukitu humanoa duen liburua izango delakoan nago", esan du gaurko agerraldian.

Aitonena I aretoan egin dute aurkezpena, eguerdian, eta bete egin da. Urbietaz gain, Arantxa Aldalur Uztarriako Komunikazio arloko kidea, Laxaro Azkune Erniarraitz Bertsozale Elkarteko lehendakaria, Juan Jose Eizmendi Loidi-Saletxe bertsolaria eta Aitor Bengoetxea liburuko azalaren egilea egon dira mahaian.

Uztarriak lehengo abenduan bertsolaritzari buruzko CD baten berrargitalpena aurkeztu zuen, Erniarraitz elkartearekin batera (Urolaldeko bertso zaharrak), eta liburu bat ateratzeko "gogoa" ere bazuen, "herri bertsolaria eta bertsozalea baita Azpeitia", adierazi du Aldalur Uztarriako kideak.

Herriko bertsolariei buruzko liburuak argitaratu izan dira azkeneko urteetan (Joxe Lizaso, Joxe Agirre, Imanol Lazkano eta Jose Luis Gorrotxategiri buruzkoak). "Jakina, Uztarria ez da hor sartu", esan du Aldalurrek. "Beste bertsolariak oraindik ere gazteak direnez, horien biografiarik ez ateratzea erabaki dugu. Urolaldeko bertsolaritzaren historiaz ere aterata dago liburu bat. Pasadizoen bila jo dugu. Izan ere, herriko bertsolari pila honek mila istorio du kontatzeko, urteetan Euskal Herri osoan ibili izan direlako, eta dabiltzalako".

Hain zuzen, bere 13. produktua du Uztarriak Oroitarri liburua.

Liburuari buruzko xehetasunak

Liburuaren egilea. Kepa Urbieta.
Orrialdeak. 160.
Kapituluak. Hiru: Kartzelakoa (sentipenak agertzen diren pasarteak daude), Librean (pasarte anekdotikoagoak dira) eta Bakarkakoa (atal pertsonala da).
Pasadizoak. 140.
Azalaren egilea. Aitor Bengoetxea.
Argitaratzailea. Uztarria Kultur Koordinakundea.
Tirada. 1.500 ale.
Banaketa. Uztarriaren bazkideei (1.071) eta ohiko lekuetan.
Uztarria.com-en irakurgai. Oroitarri jadanik uztarria.com-en dago osorik (hemen)

Kepa Urbieta (liburuaren egilea)

Datuak. 1981ean jaio zen Kepa Urbieta, Azpeitian, eta bertan bizi da. Bere lehen liburua du Oroitarri. Giza Zientziak eta Komunikazioa ikasketak eginak ditu, eta Berria-n eta Uztarrian jardun izan du kazetari. Literatuzta literatur aldizkarian ere idatzi izan zuen.

Kepa Urbietak esana. “Ez zait erraza egin iburua egitea, beldurtuta ibili naiz, pixka bat. Ahozkotasunak duen freskotasuna idatzian nola transmititu bilatzen aritu naiz, eta ez dakit lortu dudan.

Bertsolariak egiten edo bizitzen duena jaso nahi izan dugu liburu honekin. Bertsolaria kantutik ezagutzen du hura gertutik ezagutzeko aukerarik izan ez duenak. Baina bertsolaritza, eta bertsolaria/gai-jartzailea, hori baino gehiago da. Bertsotara joateko bidaia asko egin behar dituzte; oholtza gainean sentipen asko bizi izan dituzte; lagunak joan zaizkie, lagunak egin dituzte; bertsolaritzaren aldaketa ezagutu dute... Halako kontuak jasotzen ditu liburuak. Beraz, bertsolaritzarekin lotutako pasadizoak jasotzea du helburu, bertsolaritzaren bestaldea ikustea bertsolariaren / gai-jartzailearen begietatik eta bihotzetik. Ukitu humanoa duen liburua izango delakoan nago.

Guztira 140 pasarte jasotzen dira liburuan, hiru ataletan banatuta. Elkarrizketak egiten ari nintzela erabaki nuen atalak jartzea, bi arrazoirengatik: Batetik, pasarte asko izango zirela ikusi eta denak jarraian ematea astuna izango zela pentsatu nuelako. Bestetik, liburuaren zati batean bertsolarien gogoetak bildu nahi nituelako; hau da, pasarte hutsa izatetik haratago izango zirenak, pertsonalagoak.

Nik egin dut nire lana: entzun eta jaso. Zuek, irakurleok, duzue orain hitza. Zuen gozagarri izan dadila, on egin”.

Kepa Urbietak eskerrak eman dizkie Erniarraitzi, Uztarriari, Bengoetxeari, Enekoitz Esnaolari —kazetaritzan eta zuzenketetan emandako laguntzagatik— eta liburuko protagonistei.

Aitor Bengoetxea eta Laxaro Azkune

Aitor Bengoetxea. "Bertsolaritzak lotura zuzena du gure lurrarekin. Hala, mapa zabal bat hartu dut liburuaren azala egiteko, bukatu gabeko mapa, pasarteek-eta duten subjetibotasuna islatzeko".

Laxaro Azkune. "Erniarraitzek urte honetarako asmo hirukoitza zuen: Urolaldeko bertso zaharren duela 25 urteko zintaren berrargitalpena egitea CDan, herriko bertsolarien pasadizoak biltzea liburuan eta azken 25 urteotako bertsolarien aleekin CD bat grabatzea. Lehen biak bete ditugu —Uztarriari esker—, hirugarrena oraindik ez. Gure ustez, liburu hau nahikoa mamitsua da".

Ekitaldiaren bukaeran Joxe Lizasok eta Joxe Agirrek bertso bana kantatu diote Urbietari.

Uztarriaren produktuak

Oroitarri bere 13. produktua izan arren, "Uztarria ez da argitaletxea, kultur koordinakundea baizik", esan du Aldalurrek. "1998ko martxoan sortu zuten herriko taldeek Uztarria, eta Euskara, Kultura eta Komunikazioa dira elkartearen arloak. Komunikazioaren arloan, tresna komunikatiboak sortzea eta garatzea da gure eginbehar nagusia. Hala, Uztarria aldizkaria eta uztarria.com webgunea ditu elkarteak, eta Urola Kostako Hitza egunkariko sortzaileetakoa eta bazkidea da".

Uztarria liburuak-eta ateratzen ere hasi zen, ordea, "betiere ardatz horiekin lotutako lanak argitaratzeko eta hutsuneak bete nahian", eta, esan bezala, 13. da hau.

Liburuak
- Joxe Takolo (biografia). Enekoitz Esnaola, 2001.
- Angel Otaegi (biografia). Iban Arregi, 2001.
- Imanol Elias (biografia). Mailo Oiarzabal, 2002.
- Patxi Altuna (biografia). Josune Etxeberria, 2003.
- Azpeitiko efemerideak. Imanol Elias, 2003.
- Azpeitiko mendi gida. Lagun Onak Mendi Bazkuna eta Uztarria, 2004.
- Euskarazko prentsa eta Azpeitia. Uztarria, 2004.
- Loiolarik ez balitz. Iñigo Aranbarri eta Jose Luis Otamendi, 2005.
- Otsobeltz (komikia). Andoni Salegi, 2005.
- Urrestillako musika taldeak. Asier Sustaeta, 2006.
- Azpeitiarrak Espainiako Gerran. Amaia Mendizabal, 2006.
- Oroitarri. Kepa Urbieta, 2008.
CDa
- Urolaldeko bertso zaharrak (berrargitalpena). Erniarraitz Bertsozale Elkartea eta Uztarria, 2007.

Uztarriak eskerrak eman dizkie Urbietari, Bengoetxeari, liburuan parte hartu duten bertsolariei eta gai-jartzaileei, Udalari (diru laguntza emateagatik) eta koordinakundeko bazkideei.