Larunbatean Binakako Urrezko Aizkolarien finala jokatuko dute Azpeitian

Uztarria.eus 2008ko ots. 28a, 12:02

Larretxea eta Atutxa, Arrospide eta Aierberen kontra lehiatuko dira

23:00etan hasiko dira finalak, Izarraitz Pilotalekuan

Iritsi da Azpeitiak urtero aizkoraren munduarekin izaten duen hitzordua. Larunbatean, Martxoak 1, Binakako Urrezko Aizkolarien finalak jokatuko dituzte Izarraitz pilotalekuan. 23:00etan hasiko dira aizkolariak nor baino nor.

Nagusietan "norgehiagoka gogorra"

Nagusien mailan, Donato Larretxea eta Aitzol Atutxa, Anjel Arrospide eta IƱaki Aierberen kontra lehiatuko dira. "Norgehiagoka gogorra" izango da antolatzaileen arabera: "hasiera batean Larretxea eta Atutxa ziren faborito baina azkenaldian Arrospide eta Aierbek erakutsitako maila oso ona izan da eta parean ibiliko dira bi bikoteak".

Gazteen mailako finala ere lau aizkolarien artekoa izango da. Oihan eta Garikoitz Larretxeak osatutako bikoteak, Arkaitz Olano eta Ruben Saralegik osatutakoa izango du kontrario. Laurek hamazazpi urte dituzte eta nafarrak dira.

23:00etan hasiko dira finalak baina nahastuta jokatuko dituzte gazteek eta nagusiek apustuak. Izan ere, final bakoitzak bost modalitate izango ditu eta, beraz, txandaka ariko dira.

Sarrerak egunean bertan

Sarrerak egunean bertan jarriko dituzte salgai, finalak hasi baino ordu eta erdi lehenago: 21:30ean, hain zuzen. Izarraitz pilotalekuan bertan egongo da erosketa aukera eta hemezortzi urtetik gorakoek 25 euro ordaindu beharko dituzte. Adin horretatik beherakoentzako, berriz, sarrera doan izango da. "Udalak eskaini digun laguntzarekin lortu dugu gazteenei sarrerak doan jartzea. Udalak gisa honetako ekimenetan gazteen parte-hartzea bultzatu nahi duelako", adierazi dute txapelketaren antolatzaileek.