Nuarbeko etxeak ezin zituela saldu eta baldintzak aldatu ditu Etorlurrek

Urola Kostako Hitza 2008ko ots. 28a, 09:02
Goiko argazkian, Etorlurrek Nuarben eraiki dituen atxikitako sei etxebizitzak. Beheko argazkian, Beizaman egiten ari diren bi bizitzako zortzi etxebizitzak.

Atxikitako sei etxebizitza eraiki ditu foru sozietate publikoak lehen bidezainen eraikina zegoen tokian

Beizaman zortzi etxebizitzetatik bat bakarra falta da saltzeko

Etorlur Gipuzkoako Lurra foru sozietate publikoak atxikitako sei etxebizitza eraiki ditu Nuarben, lehen bidezainen eraikin zaharra zegoen tokian. Etxeak ezin salduta dabiltza, ordea, eta baldintzak aldatu egin ditu Etorlurrek.

Eskaintza edota izena emateko garaia heldu eta erosle bakarra azaldu zen. Beraz, jabetzako 75 urtetako epemuga aldatu eta etxebizitzak jabetzan ematea erabaki dute, eperik gabe. "Jabetzako erregimena aldatu dugu", diote Etorlurrekoek. "Uste dugu, 75 urteko baldintza horrek erosleak atzera bota dituela eta gehiegizko prezioa iruditzen zitzaiela. Beraz, jabetzako baldintzak aldatu ditugu, baina horrek prezioak pixka bat igotzea eragin du". 217.000 eta 237.100 euro arteko prezioa izango dute (BEZ kontuan hartu gabe).

Dena dela, Etorlurrek Nuarben egingo duen etxebizitzetako bat zuzenean erosle bati emango zaio, aurrez ezarritako baldintzetan eskatu egin zuelako. Gainontzeko bost etxebizitzak bigarren eskaintzan izena ematen dutenen artean zozkatuko dituzte.

Etxebizitza bakoitzak 165 metro koadroko azalera du eraikita. Beheko solairuan auto bat aparkatzeko garajea eta lorategia daukate. Lehenengo solairuan egongela-jangela, sukaldea, komuna eta bi terraza. Bigarrengoan, berriz, hiru logela eta komuna.

Oinarrizko baldintzak

Etorlurrek egindako etxebizitzaren bat erosteko baldintza batzuk bete behar dira. Nuarbekoen kasuan, besteak beste, hauek dira batzuk: Etxebiden izena emanda egotea; bizikidetzako unitatea osatzea; gaur egun eta azkenengo bi urteetan etxebizitzarik ez izatea jabetzan eta diru sarrerak 9.000 eta 45.000 euro artekoak izatea. Etxebizitzen planoak-eta www.etorlur.net webgunean jarri dituzte.

Tasatutako bederatzi etxe

Ximonenekoa zen tokian, Nuarben tasatutako bederatzi etxebizitza eraikitzen ari da Azpeitiko Udala Azpeitia Lantzenen bidez. Hiru logela, biltegia eta garajea izango dituzte eta, batez beste, 171.687 eurotan salduko dituzte. Etxe horietan izena emateko epea ekainean bukatu zen, baina oraindik izena emandakoen zerrenda argitaratu gabe dago.

Azaroaren bukaeran bota zuten lehengo eraikin zaharra eta dagoeneko eraikin berria egiteko lanean ari dira.

Beizaman zortzi etxebizitzetatik bat bakarra falta da saltzeko

Etorlurrekoak gustura daude izandako harrerarekin, "horrelako herri batean etxeak saltzea ez delako erraza".

Nuarben atxikitako sei etxebizitza eraikitzen ari da Etorlur, eta era berean Beizaman bi bizitzako etxebizitzak egiten ere ari da; guztira zortzi egingo dituzte. Nuarben ez bezala, Beizaman ia denak saldu dituzte dagoeneko; bakarra dago saltzeko.

Etorlurrekoak "gustura" daude Beizamako etxebizitzak izan duten harrerarekin: "Horrelako herri batean etxebizitzak saltzea ez da hain erraza, eta oso gustura gaude izan duten eskaerarekin".

Beizaman azkenaldian baserri asko ari dira berritzen. Herrigunean, ordea, ez dute inoiz etxebizitzentzako eraikin berririk egin eta, beraz, "eskaintza berria izan da hau". Etxebizitza erosteko eskaera egin dutenen artean bakarra da herrikoa, beste guztiak kanpokoak di-ra.

Bi bizitzako lau eraikin egiten ari dira eta hiru solairuko altuera dute. Bakoitzak 160 metro koadro inguruko lursail pribatua eta sarrera independentea izango du. Azalera eraikia, berriz, bakoitzak 182 metro koadrokoa izango du. Prezioa, berriz, 190.000 eta 225.000 euro artekoa dute (BEZa gehitu gabe), lursail pribatuaren azaleraren eta kokalekuaren arabera.

Udalaren ekimena

Beizamako etxebizitzen sustapena Udalaren ekimen baten emaitza da, Etorlurrekoen esanetan. Eraikin berriak herrigunearen ekialdean ari dira egiten eta aurrealdea eta gela gehienak hegoalderantz dituzte.