Arau Osagarrien behin betiko dokumentua argitaratu egingo dute

Urola Kostako Hitza 2008ko ots. 27a, 10:02
Arau Osagarriek Azpeitia nola garatuko den zehaztuko dute.

EAJkoak ez daude gustura, Arauen Berrikuspen Dokumentu bategina argitaratzea nahi zutelako, arauak indarrean jartzeko

Berriz ere alegazioen epea zabalduko da, eta ondoren dokumentu bategina egingo dute

Ezohiko udalbatzarra egin zuten herenegun. Bertan IƱaki Errazkin (EAE-ANV) alkateak azaldu zuenez, 2007ko apirilaren 19ko udalbatzarrean onartutako Lurzoruen Planeamentuko Arau Osagarrien behin betiko onarpernaren dokumentua "egun gutxi barru" argitaratuko da Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean. Berri horrekin EAJ udal taldea osatzen duten zinegotziak ez daude gustura, eurek aurreko udalbatzarrean "Azpeitiko Hiri Antolaketako Arauen Berrikuspen Dokumentu bategina" argitaratzeko eskatu zutelako.

Labur-laburra izan zen udalbatzarra, minutu gutxikoa. "Apirilaren 19an onartutako Arau Osagarriak publikatzeko udalbatzar berezia egiteko eskatu zuen EAJk aurreko udalbatzarrean. Beraz, udalbatzar hau apirilean onartutako Arauak egun gutxi barru argitaratuko direla berri emateko da", azaldu zuen alkateak. "Bere osotasunean" publikatuko al diren galdetu zion orduan Julian Eizmendi EAJko zinegotziak; Errazkinek "bere osotasunean" publikatuko dituztela erantzun zion. Horrelaxe bukatu zen herenegungo udalbatzarra.

Behin batzarra bukatuta zegoenean, EAJkoak ohartu ziren beraiek eskatutakoa ez dela argitaratuko. Hau da, Arauen Dokumentu bategina argitaratu beharrean, aurretik erabakitakoa publikatuko dutela GAOn, Arauen behin betiko Dokumentua .

Apirilaren 19ko erabakia

2007ko apirilaren 19ko udalbatzarrean, aurreko agintaldiko azkenekoan, Lurzoruen Planeamentuko Arau Osagarriak behin betiko onartu zituzten, EAJ, PP eta PSE-EEren botoekin. Orduan, EAk eta Habeak ez zituzten onartu. Arauak behin betiko onartuta, Arauen Dokumentu bategina egiteko agindua eman zuten, egun horretan bertan.

Oraingo honetan, dokumentu bategina publikatzeko agindua ematea nahi zuen EAJk, "Azpeitiko Hiri Antolaketako Arauen Berriskuspen Dokumentu bategina Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, arauak indarrean sar daitezen". Horrelaxe eskatu zuen aurreko otsailaren 7ko udalbatzarrean, 1985eko apirilaren 2ko 7/1985 Legearen, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen 46.2 artikuluan oinarrituta: .

Baina behin betiko onartutako Arau Osagarriak argitaratuko dira orain, eta berriro alegazioen epea zabalduko dute. Ondoren, horiei erantzun, berriro udalbatzarretik pasatu, eta ondoren dokumentu bategina egiteko agindu beharko du Udalbatzak berriro ere. Aldiz, dokumentu bategina publikatzeko eskatu izan balute orain, Arauak indarrean jarriko lirateke, EAJko Udal Taldearen arabera.

Azkenak 1992koak

Lurzoruko Planeamentuaren Arau Osagarriek datozen urteetan herrian eraikiko diren etxe, gune, industrialde eta gainontzeko eraikinak arautzen ditu. Besteak beste, zer non eraikitzeko aukera izango den, zenbat metro edota solairu izango dituen zehazten du. Azpeitiko aurreko Arau Osagarriak 1992an onartu ziren; orain dela 16 urte. Ordutik gaur egunera arte haiek ezarritakoen arabera garatu da herria.