Denboraldia bukatu da Iraurgiko jokalari Aranbarrirentzako

Urola Kostako Hitza 2008ko ots. 27a, 10:02
Eñaut Aranbarri EBA Ligako Lan Mobel Iraurgi taldeko jokalaria.

Lotailu gurutzatua duela esan diote medikuek

Ebakuntza nork eta noiz egingo dion erabakitzen ari da

Saskibaloiko EBA Ligako Lan Mobel Iraurgi taldeko Eñaut Aranbarri jokalariak denboraldia bukatu bitarteko partidetan ezingo du jokatu. Belaunean mina hartu zuen orain dela bi aste. "Joan den astean erresonantzia egin eta lotailu gurutzatua nuela esan zidaten. Aste honetan, berriz, Escobar medikuak ikusi nau eta horrek meniskoa eta aldameneko lotailuak ukituta ditudala esan dit", zioen atzo Aranbarrik. Dena den, jokalariaren arabera, ebakuntza egiten diotenean jakingo dute zehatz zenbaterainoko lesioa duen.

Denboraldi honetan ezingo du jokatu, hori garbi dauka azpeitiarrak. "Orain, ebakuntza zein medikuk egingo didan eta noiz egingo didaten erabakitzen ari gara. Pentsatzen dut ebakuntza martxoaren erdi aldera egingo didatela". Belauna sendatzeko eman beharreko pausoekin pentsatzen ari dela dio: "Aurrera begira nago eta eman beharreko pausoak emateko gogoarekin".

Denboraldi honetan ezingo du jokatu, baina sei-zazpi hilabete barru osatuta eta hurrengo denboraldia prestatzen hasteko moduan izango dela uste du. "Denboraldi bukaerako partida hauek jokatzeko politak izango dira eta ezingo dut, baina datorren denboraldirako osatzeko denbora ere badut aurretik. Mina orain hartu izanak bere alde txarra eta alde ona du", dio.

Orain errenka dabil Aranbarri, baina agindu dizkioten ariketak egiten ari da, eta animatuta dago.