Erdi kalea hiritartzeko lanak apirilean hasiko dira, Eliz kalekoak bukatuta

Urola Kostako Hitza 2008ko ots. 26a, 11:02
Goian, Eliz kaleko lanak eta behean, Erdi kalea, komun publikoa jarriko duten tokia.

Eliz kalekoak "denboraz ondo" doaz eta martxoaren amaierarako bukatuta izatea nahi dute udal ordezkariek

Erdi kale barrenean komun publikoa jarriko dute

Alde zaharra eraberritzeko laugarren faseko obrekin apirilean hasi nahi dute Azpeitiko Udaleko arduradunek; hau da, Erdi Kalea hiritartzeko lanekin. "Martxoaren 31 baino lehen lanak nork egingo dituen erabaki behar du Udalak eta apirilean obrekin hastea nahi genuke", dio Xanet Esnaola alkateordeak.

Erdi kaleko obrekin hasi aurretik, ordea, Eliz kalekoekin bukatu behar dute. "Eliz kaleko obrak martxoan bukatuta egongo direla aurreikusten dugu. Eliz kalekoak, orain arte behintzat, epeetan eta denboraz ondo joan dira", azaldu du Esnaolak. Gaur egun kale horretako lanak bat egin dute Plaza Txikiarekin eta, batik bat, lurreko harria jartzea falta zaie, zoladura berria alegia.

Erdi kalea eraberritzeko obrak hasi aurretik, lanen berri dendariei emango diete Udalekoek. Lan horiek 844.137 euroko aurrekontua izango dute. Gaur egun obrak nork egingo dituen aukeratzeko lehiaketa zabalik dago. Enpresek martxoaren 9-10erako proposamenak aurkeztuko dituzte udaletxean eta martxoaren bukaerarako aukeratuko dute nork egingo dituen.

Hirigune historikoa hiritartzeko lanekin lur azpiko azpiegiturak berrituko dituzte eta zoladura berria jarriko dute. Lehen ere horixe egin dute Plaza Txikian, Enparan kalean, Perez Arregi plazan eta Eliz kalean.

Komun publikoa Erdi kalean

Erdi kalea eraberritzearekin batera, kalearen barrenean komun publikoa jarriko du Azpeitiko Udalak. Perez Arregi eta kaleak bat egiten duten tokian ipiniko dute, Telefonicako eraikin zaharra zenaren ondoan. Komuna bere kasa garbitzen den horietakoa izango da.