Arbasoen aztarnen atzetik

Urola Kostako Hitza 2008ko ots. 22a, 10:02
Igandean, Karakate-Irukurutzeta-Elosua mendi zeharkaldian Lagun Onak-ekoak eta Antxietakoak.

Lagun Onak Mendi Bazkunakoek Karakate-Irukurutzeta-Elosua mendi irteera egin zuten igandean

Antxieta Arkeologia Taldekoekin megalitoen berri izateko aukera ere izan zuten mendizaleek

Joan den igandean Lagun Onak Mendi Bazkunakoek Karakate-Irukurutzeta-Elosua mendi zeharkaldia egin zuten. Antxieta Arkeologi Taldekoak (Joxin eta Joseba) izan zituzten gidari. Horrela, megalitoen berri jakin zuten ibilaldira joan zirenek.

Mendizaleek kontatu dutenez, igandean "zeru garbiko goiz eguzkitsua zegoen Karakaten (749 metro). Haize hotza eta zakarra egiten zuen, oraindik neguan gaudela gogoraraziz". Karakatetik abiatu eta aurrez aurre Irukurutzeta (840 metro) zuten, "ia bost metro luzeko gain laua. Gain paregabe horretan arbasoek hainbat megalito kokatu zuten. Megalitoak, harri handiko eraikuntzak dira, kristo aurretik 8.000 eta 3.000 urte bitartean, neolito bukaeran eta brontze aroan eraikitako hilobiak: trikuharriak, tumuluak eta zutarriren bat ere bai".

Antxietakoekin gehiago ikasteko aukera

Megalitotik megalitora geldialditxoak eginez ibili ziren mendizaleak, bakoitzean Antxietakoen azalpenak entzunez. "Hamaiketakoa egiteko orduan Atxolineko (854 metro) gailurrean ginen. Gero, handik Irukurutzetara bidean gaztetxoek Antxieta Arkeologi Taldekoekin hitz egin eta galderak egiteko aukera izan zuten".

Behin Irukurutzetatik Elosura, "goitik beherako pasiera" izan zutela diote Lagun Onak-ekoek. Behin Elosura heldu zirenean, berriro autobusa hartu eta bazkaltzera etxera.

Haurrek eta gaztetxoek hurrengo hitzordua izango dute, martxoaren 9an, Zarautzen, Gaztetxoen Ibilaldi Neurtuan.