Julian Bereziartua, Uztarriako ohorezko bazkide

Uztarria.eus 2008ko ots. 23a, 14:02
Ezkerretik eskuinera, Juainazio Azkue, Julian Bereziartua eta Carmelo Otaegi, ekitaldian.

Medikuak bere lanbidean euskararen alde egindako lana aitortu du kultur koordinakundeak; 11. ohorezko bazkidea da

"Gaur egun, zorionez, badira mediku batzuk euskaraz aritzen direnak", esan du Bereziartuak

Euskararen alde egin duen lana aitortu nahian, Uztarria Kultur Koordinakundeak Julian Bereziartua elkarteko ohorezko bazkide izendatu du gaur (larunbata). "Bereziartuak osasun munduan eta hau hedabideetan zabaltzean euskararen alde egindako lana txalotzea da gaurko ekitaldiaren helburua", esan du Juainazio Azkue Uztarriako Euskara Taldeko kideak.

“Garai batean, medikuak, botikarioak eta horrelakoak denak gaztelaniaz aritzen ziren, baina Bereziartuak bere lanbidean ere garrantzia eman dio euskarari”, adierazi du Azkuek.

Hain zuzen, Uztarriaren 11. ohorezko bazkidea da Bereziartua.

Uztarria 1998ko martxoan sortu zuten herriko taldeek, eta Euskara, Kultura eta Komunikazioa dira elkartearen ardatzak. Euskararen arloan, 2003 bukaeran Baite Euskara Elkarteak eta biek bat egin zuten, eta Azpeitian euskara normalizatzeko pausoak ematea eta herrian euskararen aldeko kontzientzia zabaltzea ditu helburu nagusiak. Zeregin horietan, gaurkoa bezalako ekitaldiak antolatzea sartzen da.

Lehengo Uztarria seigarren Kulturaldia egiten ari da eta horko hirugarren ekitaldia izan da gaurkoa.

Bereziartuari buruzko datuak
- 72 urte ditu Julian Bereziartuak (1935eko azaroak 21). Azpeitian jaio zen. Zuriko ezizenez ere ezagutzen du jendeak.
- 11 urte zituela kanpora joan zen ikastera, eta ordutik ez da bizi Azpeitian. Baina “azpeitiar peto-petoa” izaten jarraitzen duela dio.
- Mediku lanean 45 urte egin zituen. Orain pare bat urte erretiroa hartu zuen.
- Azpeitiko kontsultara, ordea, astean egun batzuetan etortzen segitzen du, azpeitiarrekin daukan “zorra” ordaintzera. “Dohain fisikoak eta mentalak ondo” dituen bitartean etortzen segitzeko asmoa dauka.
- Bere istorioak biltzen dituen liburuxka idatzia du. Pasadizo ugari dago bertan, eta gehienbat janariari buruz idatzi du, betiere medikuaren ikuspegitik.
- Komunikabideetan asko kolaboratu izan du, eta horretan dihardu oraindik.
- 20 urte pasa daramatza Euskadi Irratian kolaboratzen. Hiru hilabeterako sartu zen proba egite aldera eta...
- 500 artikulu pasa argitaratu ditu egunkari eta aldizkarietan. Haietatik euskaraz asko.
- Uztarria Azpeitiko herri aldizkarian, esaterako, 2. zenbakitik idatzi izan du, hilero, 1999ko abendutik.

Carmelo Otaegi: "Euskara izan du lan tresna"

Kuadrilako laguna du Bereziartua Carmelo Otaegik, eta honek ere hitz egin du gaurko agerraldian. "Mutil ona eta lagun ona izan da beti Julian". Horrez gain, gizon "polifazetikoa" dela esan du: "Sendagilea, zirujaua, gastronomoa, hizlaria, idazlea, literaturzalea eta zezenzalea. Hori guztia da Julian." Ildo beretik, "bokaziozko medikua" dela gogorarazi du Otaegik. "Pertsona osotasunean aztertzen du. Psikologo sena du eta pertsonak ezagutzen badaki". Otaegik ere Bereziartuak euskararen alde egindako lana azpimarratu nahi izan du: "Euskara erabili du Julianek lan tresna gisa bere ibilbide osoan".

Otaegik berak eman dio Uztarriaren ohorezko bazkidearen oroigarria Bereziartuari.

Bereziartua "gustura"

Bereziartuak "gustura" jaso du oroigarria. Medikuntzan hasi eta azaldu du azpeitiarrekin zuen zorra kitatzera itzuli zela berriz ere Azpeitira. "Lagundu nindutenei mesede egin nahi nien nik". Haren arabera, "gaur egun, zorionez, badira mediku batzuk euskaraz aritzen direnak". Bereziartuak beti egin izan du euskaraz, "gurea delako, bertakoa delako". Bereziartuak eskerrak eman dizkio Uztarriari ohorezko bazkide izendatzeagatik eta jasotako oroigarriarengatik. Ekitaldira bildu direnei, berriz, nahi dutenean berriz ere berekin kontatzeko esan die.

Ohorezko bazkideak

-2001ean: Joxe Lizaso bertsolaria eta Patxi Altuna euskaltzaina.
-2003an: Enrike Zurutuza idazlea eta Pilar Aizpitarte antzezlea.
-2004an: "Joxe Agirre bertsolaria eta Iñaki Goenaga euskaltzalea":http://www.uztarria.com/albistiek/1087816134.
-2005ean: Gurutz Ansola irakasle eta idazlea eta Imanol Lazkano bertsolaria.
-2006an: "Kontxuelo Odriozola eta Mari Tere Garmendia Ikastolan andereño izandakoak":http://www.uztarria.com/albistiek/1161349214.
-2008an: Julian Bereziartua medikua.

Ekitaldiaren bukaeran, Uztarriak denei eskerrak eman ondoren, mokadutxoa egitera joan dira Aitonenako tabernara.

Uztarria herri aldizkariak Julian Bereziartuari 2006ko uztaileko zenbakian egindako elkarrizketa