Larunbatean Gazte Topagunearen aurkezpen festa izango da Azpeitian

Uztarria.eus 2008ko ots. 20a, 12:02
Gazte Topagunean parte-hartzeko deia eginez herriko gazteek egindako agerraldia, Gaztetxean.

Kalejira, afaria eta kontzertuak antolatu dituzte herriko gazteek; Emon eta Pikutara musika taldeek Gaztetxean joko dute

Gazte Topagunea "independentzian bizi eta Euskal Estatu Sozialista eraikitzeko mugarria" izango dela diote eta herriko gazteei bertan parte-hartzeko deia luzatu diete

Larunbatean, otsailak 23, aurkeztuko dute Gazte Topagunea 08 Azpeitian. Lezon (Gipuzkoa) izango da aurten eta martxoaren 21ean hasi eta 24an bukatuko da. Herriko hainbat gaztek, larunbat honetarako, Gazte Topagunearen aurkezpen festa antolatu dute Azpeitian. Kalejira, afaria eta kontzertuak izango dira. Herriko hainbat gaztek larunbateko ekimenetara zein Lezora joateko deia luzatu diete azpeitiar gazteei.

"Independentzian bizi eta Euskal Estatu Sozialista eraikitzeko Gazte Topagunea mugarria" izango dela diote gazteek. "Parisen, Madrilen, Iruñean eta Gasteizen gotortzen diren gorbatadunek ez dute herri hau aitortu nahi izan eta konponbidea irabazi, askatasunarekin gehiago dutelako galtzeko irabazteko baino" azaldu dute. Bide horretan, "batzuk estatu arrazoiak" dituztela diote eta "diruaren epela besteek", baina gero, "euren negozioak aseko dituen aurrekontuetan eta gure eskubideak ukatuko dituzten aurreikuspenetan bat" egiten dutela salatu dute.

"Gure herriari eta izanari uko egin diezaiogun nahi dute eta gogoz egiten dute lan hori lortu ahal izateko. Azken adibide gisa, otsailaren 14an "Ertzaintzaren eskutik sufritutako jazarpena" jarri dute eta egun horretan herritar bat atxilotuta eraman izana salatu dute.

"Etorkizuna independentzia"

Gazteek diotenez, "Espainiako Konstituzioak eta Frantziako Errepublikak gau iluna ekarri dute gure herrira". Horren aurrean, "independentzian amesten" jarraitzen dutela esan dute eta "amets horiek betetzea" erabakia dutela. "Independentzia hizki larriz idaztea erabaki dugu; Gaztetxea, Herri Eskola, Kontrainformazioa, Parekidetasuna eta Eskubideak idaztea erabaki dugun moduan. Etorkizunak izen bakarra duelako: Independentzia!", diote.

Otsailak 23, larunbata. Gazte Topagunearen aurkezpen festa Azpeitian

Egitaraua

  • 19:00etan kalejira batukadarekin eta ondoren ekitaldia.
  • 21:00etan afaria Gaztetxean. Afaltzeko errusiar entsalada, txipiroiak eta oilaskoa.
  • 23:00etan kontzertuak Gaztetxean: EMON eta PIKUTARA.

Afarirako txartelak Orkatzen, Txarrantxan eta Korralen egongo dira salgai. Ikasleek 10 euro eta langileek 15 euro.

Gazte Topagunea 08-ri buruzko informazio gehiago bilatu nahi izanez gero www.gaztetopagunea.net helbidera jotzeko azaldu dute gazteek.