Hainbat ekimen aukera berdintasunaren alde

Uztarria.eus 2008ko ots. 19a, 10:02

Udaleko kirol, kultura eta parekidetasun sailetik, "aukera berdintasuna bermatzeko asmoz" antolatu dituzte ekimenak

Otsailetik maiatzera bitarte, ikastaroak, hitzaldiak, antzerki emanaldia, erakusketa eta irteerak izango dira

Azpeitiko Udaleko kirol, kultura eta parekidetasun sailetik aukera berdintasuna bermatzeko asmoz, hainbat ekimen antolatu dituzte datozen hilabeteetarako. Otsailean bertan hasiko dira batzuk eta maiatzera bitartean iraungo dute besteek. Ikastaroak, hitzaldiak, antzerki emanaldia, erakusketa eta irteerak izango dira; guztiak aukera berdintasunaren alde.

Dagoeneko hasita dago astrologia psikologikoaren inguruko tailerra. Otsailaren 13an hasi zen eta apirilaren 9ra arte iraungo du. Jon Rafels irakasleak eskainiko du, asteazkenetan izango da, Bagera jubilatuen elkartean (Lehengo Aitonena Ieko 1.solairuan) eta hiru euro ordaindu beharko da hilero.

Herriko ikastetxeetako gazteei zuzendutako ikastaro bat ere prestatu dute. Mutilentzakoa Ibon Arrizabalaga psikologoak eskainiko du eta Bortizkeria aurrehartzeko egitasmoa izango du ardatz. Neskentzako ikastaroa, berriz, Isabel Bernal psikologoak emango du eta Autodefentsa tailerra izango da. Bi ikastaroak otsailean egingo dira, sei saiotan.

Hirugarren ikastaro bat ere antolatu dute. Hirugarren hau kazetariei zuzendutakoa da eta Sexismoa komunikabideetan izango du gaitzat. Apirilaren 3tik maiatzaren 15era arteko ostegunetan izango da; goizeko 9:00etatik 11:00etara eta Sindikatu Zaharrean. Euskaraz eta doan izango da eta martxoaren 18a baino lehen izena eman beharko da honako telefonoan: 943 157192.

Ikastaroez gain, bi hitzaldi antolatu dituzte. Bata, martxoaren 25ean izango da: *Manos que mueven el mundo. Mujer, inmigraciĆ³n y trabajo*, hitzaldia Silvia Carrizo kazetariak eskainiko du. 20:00etan hasiko da Bagera jubilatuen elkartean. Bigarren hitzaldia apirilaren 8an izango da. Mendekotasun egoeran dauden Pertsonen Autonomia Pertsonala eta Laguntza Sustatzeko legea izango du hitzaldiak gaitzat eta Julene Gabiolak eskainiko du. 15:00etan izango da Bagera elkartean.

Martxoan Lilatoira

Martxoaren 2an izango da Donostian emakumeen lasterkako proba eta Azpeititik 9:00etan irtengo du autobusak Kiroletako Batzordeak antolatuta. Lasterketaren ondoren bazkaria egingo dute Parte Zaharrean. Informazio gehiago honako telefonoan: 943 150095.

Apirilean, antzerkia eta eskulanen erakusketa

Apirilaren 4an antzerki emanaldia eskainiko du Txirene antzerki taldeak Betharrameko aretoan. Ogiyik karri etzun semia izeneko antzezlana, 22:00etan hasiko da. Bestalde, apirilaren 5ean eta 6an eskulanen erakusketa ere antolatu dute Betharrameko aretoan. 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara egongo da zabalik.