Ibarzabal: "Sanjuandegiko festak antolatzeko auzotarren parte-hartzea ezinbestekoa da"

Urola Kostako Hitza 2008ko ots. 19a, 10:02

Sanjuandegiko Festa Batzordea osatzeko batzarrak egiten ari dira Udaleko ordezkariak eta auzotarrak

Sanjuandegin auzotarrentzako lokal baten falta dagoela adierazi zuten atzoko bileran Sanjuandegikoek

Sanjuandegiko festak antolatzeko talde bat osatu nahian dabiltza Udaleko Festa Batzordea eta hainbat auzotar. Maiatzaren bukaeran edo ekain hasiera aldera izan ohi dira festak eta, prestatzen joateko, atzo goizean batzar bat egin zuten udaletxean. Mikel Ibarzabal, Udaleko Festa batzordeburua, "gustura" gelditu zen batzarrak emandakoarekin.

Azkenengo urteetan Sanjuandegiko festak antolatzen ibili izan direnak lan hori uzteko gogoarekin daude, baina lekukoa hartzera inor ez zen animatzen. "Festak antolatzeko ardura uzteko gogoarekin zeuden azken bi hiru urteetan, baina inor ez zen azaltzen prest antolaketan parte hartzeko. Horregatik, aurten Udalak festa batzordea osatzeko dei zabala egitea erabaki du. Udalak bere kabuz ekitaldi bat edo beste antolatu dezake, baina hori ez da kontua. Auzo bateko festak antolatzen auzotarrek parte hartu behar dute, gero festa giroan ere hori antzeman egiten delako", dio Mikel Ibarzabalek, Festa batzordeburuak.

Atzo, udaletxean, Ibarzabalekin Bide Ona elkarteko kideak eta Loiolabide Zahar elkarteko kideak elkartu ziren. "Festak antolatzen parte hartzeko prest azaldu ziren eta hurrengo bilera baterako Sanjuandegiko beste bi elkarteetako kideei gonbidapena pasatzekotan gelditu ginen. Dena den, festak antolatzen parte hartu nahi duten guztiek ateak zabal-zabalik izango dituzte", azaldu du Ibarzabalek.

Hurrengo bilera 28an

Hurrengo bilera baterako eguna eta ordua jarri zituzten atzo udaletxean egindako batzarrean. Datorren astean, hilaren 28an, izango da, 20:00etan, Sanjuandegiko Loiolabide Zahar elkartean. "Sanjuandegiko festak antolatzen parte hartu nahi duten guztiak gonbidatuta daude bilera horretan parte hartzera, bilera zabala izango delako", azaldu du Udaleko Festa batzordeburuak.

Aisialdirako lokal baten falta

Sanjuandegin auzotarrentzako lokal baten falta dagoela ere adierazi zuten atzoko bileran Sanjuandegikoek: "Gazteek auzoan gauzak antolatu nahi badituzte edota ekitaldiak egiteko eta biltzeko, lokal baten falta dutela esan zuten atzo bileran auzotarrek. Arrazoi dute alde horretatik; Sanjuandegi auzo handia da eta behar hori eduki dezake. Beraz, Udalak zerbait pentsatu beharko du gai horren inguruan", zioen atzo Ibarzabalek.