Nafarroako Azpeitiarrak taldeak hitzaldiak eta erakusketa antolatu ditu

Urola Kostako Hitza 2008ko ots. 18a, 10:02
Anjel Rekalde, kazetari eta soziologo tolosarrak hitzaldia eskainiko du gaur, 21:00etan, Betharramdarretan.

Nabarralde kultur ekimenaren baitako proiektua gaur, astelehena abiatuko da Nafarroa: Euskal Estatua erakusketarekin

Nafarroaren eta Euskal Herriaren egungo egoera ulertzeko atzera begiratzea proposatzen du Nabarraldek

Nabarralde kultur ekimena sustatzen duen Nafarroako Azpeitiarrak taldeak erakusketa eta hitzaldi sorta antolatu du. Nafarroa: Euskal Estatua erakusketak gaur (otsailak 18, astelehena) zabalduko ditu ateak, Betharram aretoan. Martxoaren 2a arte egongo da ikusgai Nafarroako eta Euskal Herriko bilakaera azaltzen duen erakusketa.

Erakusketa honen aurkezpen gisa, Anjel Rekaldek Nafarroa-Euskal Herria hitzaldia emango du bihar, 21:00etan, Betharramdarretan. Gaur egungo nafarren eta euskaldunen arteko bereizketa 1.200 urteko "konkistaren eragina edo emaitza" dela azalduko du kazetari tolosarrak. Datuak, lurraldearen zatiketa, eraginak eta abar izango dira hitzaldiaren funtsezko gaiak.

Hurrengo hitzordua otsailaren 25ean jarri dute. Egun horretan, 20:00etan, Iñaki Sagredok Nafarroako defentsa sistema izeneko hitzaldia emango du. Izan ere, mendeetan zehar Nafarroak bere burua defendatzeko gotorleku eta gazteluak eraiki zituen erresuma osoan, Pirinioetatik Kantabriarainoko (Espainia) eremuan.

Hitzaldi sorta

Azpeitiko Udalak babesten duen ekimen hau ez da hor bukatuko. Aste Santuaren ondoren hitzaldi gehiago izango da esklabetako eraikuntzan.

Solasaldietan parte hartu nahi dutenek, aurrez izena eman beharko dute erakusketa egunetan edo 902 197051 telefonoan.

Anjel Rekalde, kazetaria eta soziologoa: "Historikoki, euskaldunak eta nafarrak izan gara"

Euskal Herrian gertatu den "akulturazio" prozesuan argia jartzeko eta ezjakintasuna gainditzen laguntzeko asmoz hitzaldia emango du Anjel Rekaldek (Tolosa, 1957) .

Zer aurkitu daiteke Nafarroa: Euskal Estatua erakusketan?

Euskal Herriko historiari buruzko erakusketa da. Gure herria zer izan den eta nola iritsi garen gaur egun arte. Zein prozesu eman den lurraldearen aldetik, Historiaurretik gaur eguneraino. Euskaldunok sekulako historia dugu, harro sentitzeko modukoa. Baskoiak egon diren tokian, geroago Iruñeko Erresuma izan da eta ondoren, Nafarroako Erreinua izan da. Lurralde hori pixkanaka gerren bitartez galtzen joan da eta gaur egun Nafarroa zati bat besterik ez da. Guretzat Nafarroa hori da eta ez daukagu bestearen kontzientzia, euskaldunok Nafarroa sortu genuela eta hori gure Estatua eta gure independentzia izan zela.

Zein izango da zure asteleheneko hitzaldiaren muina?

.1200. urtean gerra bat izan zen, gaur egun guretzat baskongadak edo itsasaldeko Nafarroa dena kendu ziguten. Garai hartan hori dena Nafarroa zen eta gerren edo indarkeriaren bitartez galdu zen, eta azkenean gaur egungo Nafarroa konkistatu zuten. Horrekin ez dugu nahi aspaldiko ikuspuntu bat ematea baizik eta gaur egungo egoera eta herri honen nortasuna eta errealitatea azaltzea. Atzera jotzen dugu jatorria ezagutzeko.

Gure historiari buruzko ezjakintasunak zein ondorio dakar?

Gaur egun nolabaiteko eskizofrenia dago, euskaldunen eta nafarren arteko banaketa egiten dute askok. Historikoki euskaldunak eta nafarrak izan gara. Euskaldunak etnia bezala baskoiak ginen baina Estatua egiterakoan, Nafarroa egin genuen, hau da, politikoki nafarrak izan gara. Ez dago inolako bereizketarik. Muga hor daukagu, ez bakarrik fisikoa edo instituzionala, askotan muga buruan daukagu. Herri honen etorkizuna eraikitzeko muga hori gainditu beharra dago.