Greenpeacek kutsadura puntu beltza salatu du Azpeitian

Urola Kostako Hitza 2008ko ots. 15a, 11:02
Corrugados Azpeitia Grupo Alfonso Gallardo enpresaren instalazioak.

Corrugados Azpeitia enpresa aipatu dute Kutsadura Espainian txostenean

Denera, 26 kutsadura puntu beltz antzeman dituzte Hego Euskal Herrian; Azkoitian ere bai

Greenpeace erakunde ekologistak Hego Euskal Herrian antzeman dituen 26 kutsadura puntu beltzetako bat Azpeitian dago. Otsailaren 11an Bartzelonan aurkeztu zuten 2007ko txostenaren arabera, Azpeitiko Arcelor Corrugados Azpeitia S.L. metalgintza arloko enpresa "kutsadura iturri handia" da. Azpeitikoaz gain, Azkoitiko GSB Acero S.A. enpresa ere puntu beltz horietako baten iturburua dela esan dute.

Kutsadura iturrien kopuruak eta minbizia kasuen ehunekoak bat egiten dutela ere esan du Greenpeacen Kutsadura Espainian txostenak. Azterketaren emaitzak jendaurrean aurkezteaz gain, erakunde ekologistak Nork kutsatzen du? izeneko kanpaina abian jarri du. Estatuan gehien kutsatzen duten enpresak agerian utziko dituzte, kostaldean zehar ibiliko den Artic Sunrise ontziak egingo duen ekimenaren bitartez.

"Zehaztasun falta"

Hedabideen bitartez izan zuten Greenpeacen txostenaren berri Corrugados Azpeitia enpresak, joan den otsailaren 12an.

Txostenean aipatzen den Azpeitiko Arcelor enpresak ere beste izen bat du egun. Grupo Alfonso Gallardoren baitan dagoen Corrugados Azpeitia izena hartu du. Bertako Kalitate, Ingurumen eta Berrikuntzarako zuzendari Pello Agirrek aipatu duenez, "zenbait industri motak ingurumenean izan dezaketen eraginaz orokorrean hitz egiten du txostenak, nik dakidala".

Bere enpresa ez du talde horren baitan sartzen, ordea. "Hondakinak balorizatzen ari gara; %100 baloritzatzen dugu. Kyotoko CO2 asignazioak dauzkagu eta kopuru horren azpitik gabiltza. Ez dute azalpen objektiborik eman. Badakigu industria batzuk besteek baino eragin gehiago izan dezaketela, baina zure teknologia ondo erabiltzen baduzu, kontrolak badituzu eta zure politika eragin horiek gutxitzekoa bada, industria garbia izan zaitezke", erantsi du Pello Agirrek.

Julio Bareak Greenpeaceko arduraduna eta txostenaren egiletako bat da eta, adierazi duenez, "enpresa hauek kutsatu egiten dutela frogatuta dago, guk Espainiako Ingurumen Ministeritzako datuak erabili baititugu, besteak beste, eta datu horiek enpresek beraiek emandakoak izaten dira. Gainera, Pompeu Fabra eta Carlos III unibertsitatetako ikerketak eta nazioarteko hainbat zientzia aldizkaritan jasotako azterketak ere erabili ditugu gure txostena osatzeko", gaineratu du 20 urtez kutsadurari buruzko azterketak egiten jardun duen erakunde ekologistako kideak. "Aurrerago datu zehatzagoak emango ditugu", esan du Bareak.

Ekologisten eskaerak

Txostena aurkeztu eta bi eskaera nagusi egin ditu Greenpeacek: alde batetik, Kutsaduraren Kontrolerako Agentzia bat sortzeko eskatu du, Europako Batasuneko legedia betetzen dela bermatzeko eta arazoa modu globalean jorratzeko; eta, bestetik, hiri hondakinen kudeaketa aldatzeko, "hondakinak sortzen edo ezkutatzen ez dituen eredua".