Ekimen jendetsuak greba egunean

uztarria.com eta Urola Kostako Hitza 2008ko ots. 15a, 11:02
Goiko argazkian, atzo eguerdian egin zuten manifestazioaren bukaera, plazan. Bigarren argazkian, iluntzeko manifestazioa. Hirugarren argazkian, asteazkenean Udalak deituta egin zuten elkarretaratzea, plazan. Beheko argazkian, greb

Merkataritzan erabateko jarraipena izan du deialdiak eta herriko hainbat lantegik ere lanuztea egin dute

Grebaren inguruko informazioa banatzen ari zela Azpeitian pertsona bat atxilotu zuen Ertzaintzak

Azken albistea (ostirala, 13:40). Azpeitiko ezker abertzaleak greba deialdia "arrakastaz" burutu zela iritzi dio

Ezker abertzaleak egun osoko greba deitua zuen atzorako (otsailak 14, osteguna) EHAK eta EAE-ANVren kontrako operazioa salatu eta "Euskal Herriaren eskubideen alde egin eta herri honek bizi duen salbuespen egoerarekin bukatzeko" aldarrikatzeko. Deialdiak Azpeitian "jarraipen zabala" eduki duela jakinarazi diote deitzaileek uztarria.com-i.

Egun osoz egin zuten lanuztea. Goizetik, komertzio eta merkatalgune guztiak itxita egon ziren. Enpresa mailan bestelako erantzuna izan zuen grebak. Enpresa batzuetan ateak itxi egin zituzten, langileek greba egitea erabaki zutelako; beste askotan, ordea, langile batzuek soilik egin zuten lanuztea. Azpeitian greba egin zutenak honakoak izan ziren, LAB sindikatuak emandako datuen arabera: Astigarraga Kit Line, Burni, Biele, Corrugados Lasao, Lan Mobel, Sarralle, Hormigones Lazkano, Antzibar, Xaxarki, Altuna y Uria, Ikasberri Azpeitiko Ikastola, Leaiz, ‘Urola Kostako Hitza’-ko langileak, Uztarriako langileak eta udaletxeko brigadak. Cidemco, Glual, Iraurgi Ikastetxea eta Urola Ikastolako langile batzuek ere grebarekin bat egin zuten. Greba ez egitea erabaki zutenak Domusa, Danona, Corrugados Azpeitia eta Grumal (Pemec, Perfima eta Laguntzaile) izan ziren.

Mobilizazio jendetsuak

LABek deituta, eguerdiko hamabietan eta arratsaldeko zazpietan manifestazioak egin zituzten plazatik, eta goizean zein arratsaldean jende ugarik parte hartu zuen mobilizazioetan. Eguerdiko manifestazioa izan zen jendetsuena, 700 lagun inguruk parte hartu baitzuen. Arratsaldekoan, berriz, 350 bat lagun izan ziren.

Lagun bat atxilotuta

Goizean grebari buruz informazioa banatzen zebiltzan herritarrek Ertzaintza segika ibili zutela salatu zuten. Azkenean, Sanjuandegi auzoan, herritarrengana hurbildu eta bati identifikatzeko eskatu zioten, honek uko egin zuen eta atxilotua eraman zuten ertzainek. Bi ordu inguruan Azkoitiko ertzain-etxean eduki zuten eta gero aske utzi zuten. Datorren asteartean egingo diote epaiketa azkarra atxilotuta eraman zuten herritarrari.

Udalak deitutako elkarretaratzean 350 lagun inguru

EAE-ANVren jarduna eten izana gaitzesteko udal gobernuak aurkeztutako mozioa aho batez onartu zuten asteartean egin zuten ezohiko udalbatzarrean. Bide batez, asteazkenean, Ideiak ezin dira ilegalizatu lelopean egin zuten elkarretaratzean parte hartzeko dei egin zien Udalak herritarrei. Denera, 350 bat lagun bildu ziren eta udalbatzako alderdi guztiek parte hartu zuten asteazkeneko bilkuran.

Azken albistea (ostirala, 13:40). Azpeitiko ezker abertzaleak greba deialdia "arrakastaz" burutu zela iritzi dio

Gaur (ostirala) eguerdian egin dute agerraldia Aitonenan Azpeitiko ezker abertzaleko hainbat kidek eta, haien arabera, "errepresioari stop" esateko helburua zuen greba orokorra "arrakastaz" burutu zen. Mobilizazioetan "herritarrek izan zuten parte-hartzea" nabarmendu dute arrakastaren oinarri gisa: "Bi manifestazioetan mila herritarrek baino gehiagok parte hartu zuten". Lantokiei dagokionez, berriz, 20 enpresek baino gehiagok lanuztea egin zutela adierazi dute agerraldian bildutakoek.

"Lanuztea saboteatzen saiatu zirenak" ere izan zirela salatu dute. "ELA sindikatuak, esaterako, publikoko lanuzte deialdi honekin bat egin ez izanaren zergatiak inon azaldu ez baditu ere, barne mailan langileen batzarrak ez deitzeko agindua emana zien delegatuei". Bestetik, Ertzaintzak azaldu zuen jarrera salatu nahi izan dute.

Atzoko egunaren ondotik, ezker abertzaleak "herritarren gehiengoak salbuespen egoerari ezetz" esan diola adierazi du eta etorkizunean ere horrela jarraitzeko deia luzatu die herritarrei. "Bide horretatik lortuko dugu herri honek behar duen marko demokratikoa, non aukera politiko guztiak bideragarriak izango diren, independentzia barne".