Lapatxeko zabortegia prest dago San Markosko zaborra jasotzeko

Uztarria.eus 2008ko ots. 12a, 12:02

Gaur, asteartea, sinatuko dute azken akordioa San Markosko zabortegia ixteko; uda baino lehen itxiko dute

Lapatxekin batera, Zarauzko Urteta eta Beasaingo Sasieta zabortegiek San Markosko zabor guztia jasoko dute aurrerantzean

San Markosko zabortegia (Errenteria) behin-betiko ixtea ekarriko duen hitzarmena sinatuko dute gaur, asteartea, San Markos Udal Elkartean. Horren haritik, Azpeitiko Lapatx zabortegiak jasoko du hango zabor dena, Zarauzko Urteta eta Beasaingo Sasieta zabortegiekin batera.

San Markosko zabortegia uda baino lehen itxiko dutela iragarri du Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoak.

Lehenagotik aurreikusita zegoen prozesua, baina maiatzeko udal hauteskundeen ondotik, San Markosko zabortegiaren itxiera atzeratu egin da. San Markosko Udal Elkartean Ezker Batuak eta EAE-ANV alderdiek daukate gidaritza eta Gipuzkoako Hondakinen Planean jasotako errauste plantaren kontra daude.

Urriaren 1ean ziren zabortegia behin betikoz ixtekoak baina ez zen horrela gertatu. Bitartean, Lapatx, Urteta eta Sasietak San Markosko zaborraren erdia jasotzen jarraitu dute. Orain, hango zabor guztia jasoko dute, ezeren okerrik ez bada.

"Bazen ordua"

Urola Erdiko Mankomunitateak begi onez ikusi du hitzarmena. "Bazen ordua" dio Asier Aranbarri Urola Erdiko lehendakariak: "Ez da guk nahiko genukeen bezalako hitzarmen garbia, ez duelako bermatzen Hondakinen Plana erabat beteko denik. Baina egoera desblokeatzeko nahikoa dela iruditzen zaigu".

Informazio gehiago: Urola Kostako Hitza.info eta Berria