Arau Ordezkatzaileak argitaratzeko ezohiko udalbatzarra deitzeko eskatu du EAJk

Urola Kostako Hitza 2008ko ots. 9a, 13:02

EAJko udal taldearen ustez, arauak oraindik indarrean ez daudelako hainbat kalte sortzen ari dira

Arauak indarrean jartzeko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu behar dira, eta aurretik udalbatzarretik pasatu behar dira berriro

EAJ udal taldeko zinegotzi guztien izenean —zortzi dira—, Julian Eizmendik ezohiko udalbatzarra deitzeko eskatu zion Iñaki Errazkin alkateari Arau Ordezkatzaileez, "hauek Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu ahal izateko, gero arauak indarrean sar daitezen".

Ezohiko udalbatzarra "ahal bezain azkarren eta beti ere legeak deia egiteko ipintzen duen epearen barruan" egitea eskatu zuten EAJkoek. Eskaera hori egiteko 1985eko apirilaren 2ko 7/1985 Legearen, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen 46.2 artikuluan oinarritu dira.

Iaz apirilaren 19ko batzarrean —aurreko legealdian, beraz— Azpeitiko Udalak Arau Ordezkatzaileak onartu zituen. Baina arauak indarrean jartzeko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu behar dira. Argitaratu aurretik, ordea, udalbatzarretik pasatu behar dira berriro. EAJk dioenez, bai Udaleko batzordeetan bai udalbatzarretan, "behin eta berriro" galdetu dute arauak zergatik ez dituzten argitaratzen.

"Denbora aurrera doa"

EAJren arabera, "Udal Gobernuak ez du erantzuten eta denbora aurrera doa (ia 8 hilabete egin dituzte gobernatzen)". Arauak argitaratu gabe eta indarrean ez daudelako kalteak sortzen ari dira, haien ustez. "Gainera, gero eta kalte handiagoak sor ditzake eta hainbat proiektu atzeratzen ari dira, besteak beste: babestutako etxeen eraikuntza, hirigintzako hainbat hitzarmen, industrialdeen garapena edota Corrugados enpresaren aldaketak eskatzen duen izapidetza". EAJko zinegotzien ustez, "oro har, ez gaude inbertsioetarako unerik egokienean eta ziurtasun juridiko ezak edota erabakiak bere garaian ez hartzeak egoera okertzeko arriskua du".

"Aurrerapausorik ez" dela ematen salatu dute: "Aurrez aipatu ditugun proiektuak garatzea garrantzitsua da azpeitiarren ongizaterako eta guztiak geldirik daude". Legeak aukera ematen dielako, ezohiko udalbatzar bat deitzeko eskatu zuten ostegunean.